Gizartea -

Andoain

Euskal Curriculuma garatzea eskatu dute ikastolek

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak urriaren 12an LOMCE legearen aurka egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Ikastolen ikasturen hasiera ekitaldia, Andoainen. Argazkia: EiTB
Ikastolen ikasturen hasiera ekitaldia, Andoainen. Argazkia: EiTB
Ikastolen ikasturen hasiera ekitaldia, Andoainen. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza eremuko eragile guztien eta erakundeen arteko lankidetza aldarrikatu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak, Euskal Curriculuma garatzeko eta euskal Hezkuntza Legea eraikitzeko. Horren esanetan, "osotasunean, helburu bakar gisa landu behar dira".

Ikastolen ikasturte hasierako ekitaldi ofiziala egin dute larunbat honetan Andoainen, eta bertan izan dira, besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, eta Martin Garitano Gipuzkoako Diputazioko ahaldun nagusia. Bide batez, ikastolen 50. urteurrena ere ospatu dute gaur.

Tellituk urriaren 12an LOMCE legearen kontra egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, eta aipaturiko legearen "eragin negatiboak" saihesteko neurriak hartzeko ere eskatu du.

2013-2014 ikasturteari begira, sindikatuetako ordezkariekin ikastolei eragingo dien hitzarmen kolektibo bat adostea du helburu Tellituk, eta, aldi berean, kooperatiben inbertsioak bultzatzeko negoziazioak sustatu nahiko lituzke.

"Kooperazioa, ekintzailetza eta aurrera egin nahia" dira oraindik ere ikastolen ezaugarri nagusiak. Bestalde, ikastolak Espainiako eta Frantziako Gobernuen aldetik jasotzen ari diren mehatxuak eta erasoak salatu ditu.

Bestalde, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak LOMCE legearen harira esan du, euskaldunon interesak aurrera eramateko ez dugula kanpoko inoren beharrik. Sailburuaren esanetan, gaindituta dago LOMCE legea gurean, eta "euskal hezkuntza komunitateak bere bidea egin behar du". Horrela, euskal Hezkuntza Legea onartzeko prozesua abiatu dutela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntza sistemako albisteak