Gizartea -
Profila
Rosario Porto, eliteko kide izatetik, hilketa baten susmagarri izatera
Abokatu ezagun eta Historian katedradun baten alaba, errotik aldatu zen gurasoak hil zirenean eta senarrarengatik banandu zenean, familiako iturriek jakinarazi dutenez.
Erredakzioa
Rosario Porto Ortega abokatu eta kontsul ohiaren ingurukoak ezin sinetsita daude. Bera da Asunta Basterra alabaren hilketaren susmagarri nagusia. Larunbatean indarkeria zantzuekin hilik topatu zuten 12 urteko neskatoa, eta handik gutxira ama atxilotu zuten, haren bertsioan "kontraesanak" atzemanda. Ordudanik, gehituz joan dira ama susmagarri jotzen duten zantzu eta probak.
44 urteko emakumea Santiago de Compostelako familia dirudun baten alaba zen, oso ezaguna A Coruñako hiriburuan. Francisco Porto Mella abokatuaren eta Socorro Ortega Santiagoko Unibertsitateko Artearen Historiako katedradunaren alabak Galiziako hezkuntza zentro puntakoenetan ikasi zuen eta Londresen eta Parisen amaitu zituen bere Zuzenbide ikasketak.
Portok urte luzez jardun zuen abokatu gisa eta bulegoa zuen Santiago erdialdean. 2006 urtera arte, gainera, Frantziako kontsula izan zen hiriburuan.
Rosario Porto eta orduan senar zen Alfonso Basterrak orain 12 urte adoptatu zuten Asunta alaba. Txinatik ekarri zuten, urtebete ez zuela. Familiako iturrien esanetan, adopzioak asebete utzi zituen biak eta pozik bizi izan ziren urte luzez.
Iturrion arabera, abokatutza utzi zuen emakumeak orain bi urte eta Santiagon zuen bulegoa itxi. Haren ezagunek diotenez, egun ez zuen lanbide ezagunik.
Izan ere, kolpe latza izan zuen Portok haren gurasoak hil zirenean (biak 2012an, tarte laburrean), eta handik gutxira senarragatik banatu zen. Ikerketa iturriek jakinarazi dutenez, tratamendu psikiatrikoan zegoen eta denbora tarte batez, klinika batean ingresatu zuten.