Gizartea -

Frantziskoren aitasantutza

Aita santu 'bekataria' eta 'diziplinarik gabekoa'

Oraingoz erreforma sakonik heldu ez bada ere, Frantziskok Vatikanoko sektore atzerakoienak urduri jartzeko moduko hainbat erabaki hartu ditu dagoeneko.

Frantzisko Aita Santua
Frantzisko Aita Santua
Frantzisko Aita Santua: 'Ez naiz inoiz eskuindarra izan'

1:16

D.P. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak hautsak harrotu ditu berriz La Civilta Catolica eta jesuiten beste 15 aldizkaritan eskainitako elkarrizketa batean.

Ez da gutxiagorako: emakumeek "Elizako aginte karguetan" lekua izan behar dutela adierazi du; Eliza homosexualen arteko ezkontzekin, abortuarekin eta antisorgailuekin "tematuta" dagoela kritikatu du; bere ideologia politikoa agerian utzi du, "ez naiz inoiz eskuindarra izan" esanda, eta "bekataria" dela aitortu du.

Aitasantutza hasi eta sei hilabetera, Frantziskok abiadura eman dio Elizaren irudia garbitzeko prozesuari, baina erreformek oraindik "denbora" beharko dutela ohartarazi du.

Izan ere, keinuak keinu, aita santuak sektore atzerakoienak urduritzen hasteko moduko erabakiak hartu ditu azken asteetan. Adibidez? Duela egun batzuk, Vatikanoak orain arte jazarri egin duen Askapenaren Teologiari Egoitza Santuaren ateak ireki zizkion (Gustavo Gutierrez teologia horretako sortzaileari harrera egin zion, eta L'Osservatore Romano egunkariak horren hausnarketak publikatu ditu).

Ikusmin handiena piztu duen erabakietako bat Vatikanoaren hurrengo Estatu idazkariaren izendapena zen, eta espero baino azkarrago hartu du Frantziskok: abuztuaren amaieran, Pietro Parolin Venezuelako nuntzioa izendatu zuen, Tarcisio Bertone ordezkatzeko.

Oraindik karguaz jabetu ez bada ere, bere agintaldia oparoa izango dela pentsatzeko aztarnak utzi ditu Parolinek, zabalik utzi baitu zelibatua kentzeko aukera.

Jorge Mario Bergoglio aita santuaren beste erabaki garrantzitsuenetako bat Vatikanoko Bankua (IOR) erreformatzeko ikerketa batzorde bat eratu izana da, finantza erakunde hori hainbat eskandalutan nahasita izan baita.

Erromako Kuria erreformatzeko ere lantalde bat izendatu du Frantziskok. Bost kide ditu, eta ofizialki lanean hasi ez badira ere, eskatutakoa aztertzen ari dira jada.

Era berean, aita santuak egunerokoan dituen ohiturak ere deigarriak dira. Luxuzko apaingarriak kendu ditu, zapata beltz arruntak janzten ditu (aurreko aita santuak zapata gorri garestiak jantzi arren) eta Santa Martan bizi da, Vatikanoko jauregian izan beharrean.

Gainera, San Petri plazatik ibili ohi da, segurtasun agenteak ohartarazi gabe. Horregatik, "diziplinarik" ez duela esan diote, Frantziskok berak aitortu duenez.

"Bekataria" eta "diziplinarik gabekoa", baina, Frantziskori esker, Vatikanoa "milaka arazo edukitzetik irekiagoa izatera" pasatu da sei hilabetean, Pietro Parolinek nabarmendu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Aita santua Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Gotzain Biltzarraren albisteak gaur