Gizartea -
Galvan auzia
Marokon indultatutako pederasta Murtzian atxilotu dute
Halaber, Hafez Benhachem Marokoko Espetxeko Administrazioko zuzendari nagusia kargutik kendu dute, Mohamed VI. erregeak hala eskatuta.
Erredakzioa
Marokoko erregeak indultua indargabetu dion Daniel Galvan pederasta Murtziako hotel batean atxilotu dute gaur arratsaldean, Barne Ministeriotik jakitera eman dutenez. Pederasta Auzitegi Nazionalaren esku jarriko dute bihar bertan.
Espainiako eta Marokoko Justiziak mantendutako elkarrizketa telefonikoarekin batera eman da atxiloketa, Murtziako Legazpi hotelean. Biak elkarrekin lan egiteko akordioa egin dute Espainiako pederastaren kasuari azkarrago irtenbidea jartzeko, Mohamed VI. erregearen indultua indargabatzeko erabakiaren ostean.
Daniel Galvani 2011n 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, 11 adingabez (2 eta 14 urte artean zituzten) abusatzeagatik. Zigorra apelazioan eta kasazioan berretsi zuten; asteartean aske geratu zen kargurik gabe, Espainiako 48 presoren indultu kolektiboa eta gero.
Marokoko Espetxeko zuzendari nagusia kargutik kendu dute
Hafez Benhachem Marokoko Espetxeko Administrazioko zuzendari nagusia kargutik kendu dute, Mohamed VI. erregeak hala eskatuta, Marokoko Errege Gabineteak ohar batean jakitera eman duenez.
Benhachem kargutik kendu izana Daniel Galvan Espainiako pederastari indultua eman eta baliogabetu ostean sortutako eskandaluaren ondorioz izan da.
Gobernuak pederasta espainiaratzea eskatu zuen, eta ez indultua
Gobernuak Daniel Galvan pederasta Espainiaratzea eskatu zuen, eta ez indultua, kasuko gertuko iturriek jakitera eman dutenez.
Iturri horiek azaldu dutenez, Espainiak Rabaten duen Enbaxadak 48 izen proposatu zituen (18 indultatzeko eta 30 espainiaratzeko), eta Daviel Galvanena bigarren taldean zegoen.
Erregea presoen egoeragatik interesatu zen
Juan Carlos erregea Mohamed VI erregearen aurrean Espainiako presoen egoeragatik interesatu zen, Rabaten, baina ez zuen indultu kolektiborik proposatu, Espainiak ez zuelako neurri hori eskatu, azaldu du Errege Etxeko bozeramaile batek, astelehen honetan.
Marokon izandako protesten ostean, Mohamed VI.ak Daniel Galvan pederastari emandako indultua baliogabetu zion. Preso horri uztailaren 30ean, beste 48 pertsonarekin batera, eman zioten indultua. Egun hartan Marokoko Gabineteak Juan Carlosen eskaera bati lotu zion neurria.