Gizartea -
Dopina
Basque Team beka kendu dio Jaurlaritzak Virginia Berasategiri
Maiatzean lehiatu zen Bilboko triatloian parte hartzeko debekatutako sustantziak hartu zituela aitortu zuen Berasategik. Agerraldi publiko batean barkamena eskatu zuen.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak goi mailako kirolariei zuzendutako Basque Team beka kendu dio Virginia Berasategiri, dopatu egin zela baieztatu ostean.
Joan den asteazkenean, agerraldi publiko batean, Virginia Berasategik aitortu egin zuen maiatzaren 18an jokatu zen Bilboko triatloian parte hartzeko dopatu egin zela; mundu guztiari barkamenak eskatu eta akatsa izan zela azpimarratu zuen.
Gauzak horrela, Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Sailak jakinarazi du Berasategiri zuzendutako diru-laguntza bertan behera utzi dutela, "sustantzia debekatuak ez erabiltzeko konpromisoa hautsi egin duelako".
Horrez gain, Jaurlaritzak azaldu du eurek eskatuta egin zutela Bilboko triatloiaren osteko kontrola.
Berasategi distantzia luzeko triatloian munduko txapelduna izan zen 2003an, eta aurtengoa bere azken denboraldia izango zela argitu zuen joan den apirilaren 4an.