Gizartea -
Kordoba
Fiskala: 'Bretonek bere seme-alabak modurik ankerrenean hil zituen'
Akusatuak bere seme-alabak erarik "krudelenean" hil zituela zalantzarik ez du auziko fiskalak. Errugabea dela esateko "ipuin" bat asmatu duela erantsi du fiskalak.
Erredakzioa
Akusatuak bere seme-alabak erarik "ankerrenean" hil zituela zalantzarik ez du Maria Angeles Rojasek, Jose Bretonen aurkako epaiketaren fiskalak. Gainera, errugabea dela esateko "ipuin" bat asmatu duela erantsi du fiskalak.
Epaiketa gaur hasi eta uztailaren 8ra arte luzatzea espero da. Orain arte auziak izan duen oihartzunak eraginik ez izateko eskatu dio fiskalak herri-epaimahaiari, eta baita aurreritziak albo batera uztea ere.
Hala ere, Jose Bretonek 6 eta 2 urteko Ruth eta Jose seme-alabak modurik "ankerrenean" hil zituela zalantzarik ez duela azaldu dio fiskalak herri-epaimahaiari; izan ere, zaintzapean zituela aprobetxatu zuen akusatuak.
Fiskalaren hitzetan, delitua estaltzeko haurrak "tenperatura oso altuan" erre zituen Bretonek.
Epaiketa
Jose Bretonen aurkako epaiketa hasi da Kordoban, seme-alabak hiltzea egotzita. Akusatua, herri epaimahai batek epaituko du. Ruth eta Jose seme-alabek sei eta bi urte zituzten, euren aitak, hain zuzen, 2011ko urriaren 8an desagertu egin zirela salatu zuen.
Gaur hasi den epaiketan, guztira, 98 lekukok eta 46 perituk deklaratuko dute. Lehen egunean epaimahaiko kideen aukeraketa egin da. Bretonek ekainaren 18an deklaratuko du eta Ruth Ortiz, umeen amak, ondorengo egunean egingo du agerraldia.
Saioak goizeko 9:30etan hasiko dira eta, besteak beste, Bretonen eta Ortizen senideek, Serafin Castro ikerketaren arduradunak, Josefina Lamas Polizia Zientifikoaren perituak, Francisco Etxeberria auzitegi medikuak eta Jose Maria Bermudez de Castro antropologoak hartuko dute hitza.
Epaiketa uztailaren 8an amaituko da, aurreikuspenen arabera.
Fiskaltzak 40 urteko kartzela zigorra eskatu du Jose Bretonentzat seme-alabak hil zituela leporatuta. Halaber, ezarriko dioten zigorraren erdia bete arte gutxienez hirugarren gradurik ez emateko eskatu du fiskalak.
Ruth Ortizen abokatuak, akusazio partikularrak, alegia, Jose Bretoni 40 urteko kartzela zigorra ezartzeko eskatu du, bi hilketa delitu egotzita. Jose Bretonen abokatua den Jose Maria Sanchez de Puertak, berriz, absoluzioa nahi du, haren ustez "zalantza handiak" daudelako.