Gizartea -

Maiatzaren 22an

Adingabe bat atxilotu dute Gasteizen, gizon bat hiltzeagatik

Ikerketan zehar lortutako zantzuei eta froga biologikoei esker egin dute atxiloketa. Adingabea datozen orduetan eramango dute Gasteizko Adingabeen Epaitegira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabe bat atxilotu zuen atzo (osteguna) Ertzaintzak Gasteizen, 52 urteko Jose Javier Garcia Gutierrez hiltzea leporatuta. Biktima indarkeria zantzuekin hilik aurkitu zuten maiatzaren 22an, Gasteizko garaje batean.

Arabako Fiskaltzak jakitera eman duenez, ikerketan zehar lortutako zantzuei eta froga biologikoei esker egin dute atxiloketa. Adingabea datozen orduetan eramango dute Adingabeen Gasteizko Epaitegira.

Atxilotua biktimaren lankidea zen eta elkarrekin joaten ziren egunero lanera kotxe berean. EiTBk jakin duenez, hilketaren egunean, egunero bezala, garajean geldituta zeuden ustezko hiltzailea eta biktima.

Krimenak Lakua-Arriaga auzoa hunkitu zuen. Gizonaren hiltzailea identifikatu eta atxilotzeko ikerketa sakona abian jarri zuen Ertzaintzak. Biktimaren semeak berak topatu zuen gorpua Gasteizko garaje batean.

52 urteko Jose Javier Garcia Gutierrez soldatzailea ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen.

Lanera heltzen ez zela ikusita, biktimaren lankideek etxera deitu zuten eta semeak gorpua aurkitu zuen garajean.

Garajea, Batzar Nagusietako kalean, Lakua-Arriaga auzoan dago. Semea aitaren autoa bertan zegoen egiaztatzera joan zen, baina gorpua komunean topatu zuen.

 

Soka batekin itota

Gorpuak indarkeria zantzuak zituen, Segurtasun Sailaren arabera litekeena da biktima soka batekin itota hil izana.

Ikerketak bi asteko iraupena izan du eta adingabea atzo (osteguna) atxilotu zuen Ertzaintzak, "meritu handiko ikerketa sakon" baten ostean, Ministerio Publikoak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Gizartea Albisteak Gaur Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Krimenak azken ordukoa