Gizartea -
Lomce
Erreforma ez aplikatzeko 'baliabide legal guztiak' erabiliko ditu EAEk
Neurriak "pentsatu gabe" ez hartzea eskatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta Lomceren aplikazioa saihesteko tresnak "beti legezkoak" izango direla erantsi du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak "eskura dituen baliabide legal guztiak" erabiliko ditu Lomce hezkuntzaren erreforma Euskadin aplikatzea saihesteko, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur adierazi duenez.
Uriarte irakasleen, gurasoen eta ikastetxeen hamar bat elkarterekin bildu da arratsaldean, Gasteizen. Guztiek arbuiatzen duten lege-proiektua aztertu dute.
Bileraren ostean agerraldia egin du Uriartek. Lomceren behin betiko onarpenari itxaron behar diotela azaldu du Hezkuntza sailburuak, gero aplikazioa saihesteko tresna konkretuak aztertzeko; izan ere, legea Kongresuan dago eta oraindik aldaketaren bat izan dezake.
"Beti legearen barruan"
"Errealistak" izan eta "neurriak pentsatu gabe" ez hartzea eskatu du sailburuak, eta Lomceren aplikazioa saihesteko Eusko Jaurlaritzak erabiliko dituen tresnak "beti legezkoak" izango direla erantsi du.
"Legea dagoen bezala gure sistemaren aurka doala argi daukagu, eta ez aplikatzeko posible den guztia egingo dugu", errepikatu du Uriartek.