Gizartea -
Amagoia Lezkanoren hilketa
Laudioko eta Orozkoko udalek elkarretaratzeak deitu dituzte
Hain zuzen ere, Laudioko Udalak 20:00etarako deitu du elkarretaratzea, eta, Orozkokoak, 19:00etarako. Emakundeko zuzendariak kontzentrazioetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Erredakzioa
Laudioko (Araba) eta Orozkoko (Bizkaia) udalek elkarretaratzeak deitu dituzte arratsalderako, Amagoia Elezkano 26 urteko emakumearen hilketa gaitzesteko.
Gaztea ustez senarrak hil du, etxean. Laudion jazo da hilketa, bertan bizi baitziren, baina biktima Orozkokoa zen.
Natxo Urkijo Laudioko alkateak ezohiko udalbatza deitu du 19:30erako, gaitzespen adierazpen bat adosteko. Handik 30 minutura, elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan.
Josu San Pedro Orozkoko alkateak ere udalbatza deitu du, 18:45erako, eta, ondoren, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute.
Eusko Legebiltzarrak Amagoia Elezkanoren emakumearen hilketa gaitzetsi du, eta minutu bateko isilunea egin du goizeko saioa. Eusko Jaurlaritzak ere ''gaitzespenik bortitzena'' plazaratu du, eta hilketa salatzeko deitutako elkarretaratzeetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Emakundek kontzentrazioetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Amagoia Elezkanoren hilketa gaitzetsi du, eta gaurko Laudion eta Orozkon deitu dituzten kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin du.
Ohar bidez, "jarrera proaktiboa" izateko eskatu die herritarrei, emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko. Landaidaren esanetan, indarkeria mota hau gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden ezberdintasunen adierazle da.
Orozkoko elkarretaratzean parte hartuko du Landaidak.
"Berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeriaren arazoa gainditzeko, beharrezkoa izango da gizartearen parte-hartzea eta baloreak aldatzea", gaineratu du.