Gizartea -
Gipuzkoa
Errauskailuaren kalte-ordainak tarifen bidez ordainduko dituzte
Iñaki Errazkin Ingurugiro diputatuak iragarri duenez, azpiegitura eraiki gabe aurreztuko duten diruarekin ordainduko dute esleipena lortu zuten enpresei zor zaien kalte-ordaina.
Erredakzioa
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurugiro diputatuak iragarri du "tarifen bidez" ordainduko dituztela errauskailua ez egiteagatik esleipena lortu zuten enpresei eman behar dieten kalte-ordaina, azpiegitura eraiki gabe aurreztuko duten zatiarekin, alegia.
Errazkinek Batzar Nagusietako Ingurugiro eta Lurralde Antolakuntza Batzordean egin ditu adierazpenok, PSE-EEk eskatuta egindako agerraldian.
Agerraldi horretan argi adierazi nahi izan du kalte-ordainei buruzko erabakia Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari dagokiola, eta egun ez dagoela horren inguruko eztabaidarik, "akordioetara iristeko" lanean ari direlako.
Aldundiak GHKn % 33ko ordezkaritza duela azpimarratu du, eta ez dagoela erakunde horren "gainetik". Hori dela eta, Aldundiak GHKn hartzen duten erabakia "onartu" egingo duela iragarri du.
Hala ere, kalte-ordainak "tarifen bidez" ordainduko dituztela azpimarratu du; izan ere, "tarifak errauskailua egiteko ordaindu behar ziren 400 milioi euroko inbertsioari aurre egiteko zeuden pentsatuta, eta orain, 182 milioi euroko inbertsioa egingo dugu".