Gizartea -
Botiken kopagoa
Koordainketak ez du dirua aurreratzea ekarriko, Jaurlaritzaren arabera
Sistema horrekin, pentsionistek ‘zenbateko txikiak’ ordaindu beharko dituztela adierazi du Jon Darpon Osasun sailburuak.
Jon Darpon Osasun sailburuak gaur adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak koordainketa egiteko martxan jarriko duen sistema "ahalik eta merkeena" izango da, eta herritarrek "ez dute dirurik aurreratu beharko", hainbat autonomia-erkidegotan gertatzen ari den bezala.
Onda Vasca irrati-katean egindako elkarrizketan, Darponek esan du "epe ez oso luzean" jarriko dutela martxan errezeta koordaintzeko sistema, "gustuko izan ez arren".
Formula horrekin, pentsionistek "zenbateko txikiak" ordaindu beharko dituzte, "8 euro baino gutxiago hilean", eta lanean daudenek errezeten kostuen % 10 gehiago pagatu beharko dute.
Osasun sailburuak esan duenez, historial kliniko digitala euskaraz zein gaztelaniaz egongo da. Gainera, dokumentu informatizatu horiek laguntza-zerbitzuen kalitatea "hobetuko" dutela adierazi du.
Darponek aitortu duenez, Osakidetzako 30.000 langileei "lan gehiago eskatzen diete soldata beraren truke", baina "egoera dagoena da" eta "elkartasunagatik baino ez bada ere, langileek ezin dute alde batera utzi kalean gertatzen dena", gaineratu du.