Gizartea -
Hezkuntza
Espainiako Gobernuak atzeratu egin du 'Wert legea'ren onarpena
Rajoyren Gobernuak azaldu duenez, alderdi ekonomikoak aztergai dituzte oraindik, baina erabakia Estatuko Hezkuntza sektorean greba orokorra egin den egunean bertan iritsi da.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak ez du azkenean Hezkuntzako erreforma gaur onartuko. LOMCE lege-proiektuaren onarpena beste baterako utzi du Jose Ignacio Werten Hezkuntza Ministerioak, alderdi ekonomikoak oraindik aztergai dituztela argudiatuta.
Asmoa lege berria 2014an indarrean sartzea da. Hori horrela, 12 urtean onartutako hirugarren hezkuntza erreforma litzateke.
Atzo erreforma horren kontrako greba egin zen Estatuko Hezkuntza Publikoan, eta, sindikatuen arabera, jarraipena % 70ekoa izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoan eragin apalgoa izan zuen grebak. Nafarroan, berriz, bi orduko lanuztea egin zuten eskoletan.
Rajoyren Gobernuaren azken proposamenaren eta sektorea jasaten ari den murrizketen kontra, milaka pertsona kalera atera ziren atzo Espainiako Estatu osoan. Sindikatuen arabera, orokorrean jarraipena %72koa izan zen, Hezkuntza Ministerioaren arabera, berriz, ez zen %20ra iritsi.
Euskal Herrian, protestak Nafarroan izan zuen oihartzun handiena. Han sindikatu gehienek, guraso elkarteek eta ikasleek deituta bi orduko lanuzteak egin zituzten. Deitzaileen esanetan, eskualdearen arabera %30 eta %50 artekoa izan zen jarraipena. Gobernuaren arabera, bataz beste, %24 eskasekoa. Arratsaldean, ordea, manifestazio jendetsuak egin zituzten Iruñean eta Tuteran.
Euskal Autonomia Erkidegoan grebarako deia egina zuten CCOO eta UGT sindikatuek, baina jarraipena askoz ere apalagoa izan zen. Hala ere, deitzaileek protestaren alde kualitatiboari eman nahi izan zioten garrantzia handiagoa, kuantitatiboari baino. Hori bai, sindikatu abertzaleen hutsunea salatu zuten.