Gizartea -
Zabor-bilketa
Hiru lezoar zigor ditzakete, atez ateko zintzilikarioak kentzeagatik
1.500 eta 3.000 euro arteko isuna jasotzeko arriskuan daude. Udalak kexa aurkeztu du Ertzaintzaren aurka, zintzilikarioak kendu zituzten herritarrak ez identifikatzeagatik.
Erredakzioa
Lezoko Udalak espedientea ireki die atez ateko zintzilikarioak kendu zituzten herritarrei, eta kexa formala aurkeztu du Ertzaintzaren aurka, bertaratutako agenteek ez zituztelako herritar horiek identifikatu. Segurtasun Sailak azaldu zuen delitu zantzurik ez zegoelako ez zutela inor identifikatu.
Espedientearen ondorioz, zintzilikarioak kendu zituzten herritarrek 1.500 eta 3.000 euro arteko isuna jaso dezakete.
Udalak atez atekoaren aurkako plataformari egotzi dio gertatutakoaren ardura, baina Lezo Garbia taldeak dio ez duela inolako zerikusirik. Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak bere ardura ezkutatu nahi izatea leporatu dio Lezo Garbia plataformari.
Plataformatik ukatu egin dute hori, baina erabat ulergarria iruditzen zaie zintzilikarioak kendu zituzten herritarren jokaera.
Protestekin jarraituko dute
Bide batez, Lezo Garbia plataformak jakinarazi du protestekin jarraituko duela desobedientziaren bidetik eta gaur bertan dei egingo die herritarrei udal tasak eskuz ordaintzeko eta ez banku bidez. Alkateak, bien bitartean, garbi utzi du ez dutela atzera egingo eta hile bukaeran jarriko dutela atez atekoa Lezon.