Gizartea -
Zaborrak
'EAJk' Lezon atez ateko sistemari eraso egin diola esan du EH Bilduk
Gertatutakoak EAJren "urduritasuna" azaltzen duela adierazi du Beitialarrangoitiak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak akusazioak gezurtatu ditu.
Erredakzioa
"EAJko kideek" Lezoko (Gipuzkoa) atez ateko zaborren bilketa sistemari eraso egin diotela salatu du gaur Marian Beitilarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak. "Interes ekonomikoak" defendatzeko "gatazka" bilatzea leporatu die Beitialarrangoitiak jeltzaleei.
Gertakariak ostegunean jazo ziren, Lezon. "EAJko kideen talde txiki batek" atez ateko zaborren bilketa egiteko ontziei eusteko iltzeak kendu zituen, Beitialarrangoitiaren ahotan.
Gertatutakoak EAJren "urduritasuna" azaltzen duela adierazi du Beitialarrangoitiak. Jeltzaleek birziklapen tasa handiagoak lortzeko "eztabaida nagusia saihestu" eta "errausketako interes ekonomiko eta politikoak" defendatu nahi dituzte, EH Bilduko ordezkariaren esanetan.
Segurtasun Sailak akusazioak gezurtatu ditu
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Lezoko Udaltzaingoak Ertzaintzari abisua eman zion. Ertzainak Tomas Garbizu kalera joan ziren; izan ere, bizilagunek atez ateko bilketa egiteko ontzien iltzeak kendu zituzten eta alkateak Ertzaintzaren patrulla bat eskatu zuen.
Patrulla heldu zenean alkatea, udaltzaingoak eta 30 bat bizilagun bertan aurkitu zituen, Sailak agiri batean jakinarazi duenez.
Alkateak Ertzaintzari ustezko erasotzaileen identifikazioa egiteko eskatu zion. Auzotarren arabera, Udalak iltzeak etxebizitzetan beharrezko baimenik gabe jarri zituen.
Egoera ikusita ertzainek ez zuten identifikaziorik egin; izan ere, alkateak berak legez kontrako ekintzarik ez zegoela onartu zuen.