Gizartea -
4,1 gradukoa
4,1 graduko beste lurrikara batek Iruñeko eskualdea astindu du
Lurrikara larunbateko 04:00ak aldera jazo da. Erdigunea Etxauriko zonaldean kokatu da. Aurreko lurrikara ostegunean izan zen, 3,7 gradukoa.
Erredakzioa
Ritcher eskalako 4,1 graduko beste lurrikara batek Iruñeko eskualdea astindu du larunbat honetako 04:00ak aldera, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Institutu Geografiko Nazionalaren arabera, lurrikararen erdigunea Etxauriko zonaldean izan da.
Iruñeko hirian zeharo igarri dute lurrikara, baina ez da kalterik ezta zauriturik izan, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Halaber, Institutu Geografiko Nazionalak beste hainbat mugimendu atzeman ditu azken 24 ordueta, honako udalerri hauetan: Adios (1,6 gradu), Etxauri (15 eta 2,7), Beriarin (1,5), Beraskoain (1,9), Ziritza (1,6; 1,7 eta 1,8), Uterga (1,9), Bidaurreta (1,9), Ukar (1,6) eta Arraiza (1,8).
Lurrikararen jatorria
Otsailaren 14tik hainbat lurrikara izan dira, Erreniegako Mendikatetik hurbil bereziki. Aurreko lurrikara ostegunean jazo zen (3,7 gradukoa, eta erdigunea, Ziritzan).
Goizalde honetakoa orain arteko handiena izan da. Ondoren, erreplika bat izan da Ziritzan, 1,6 gradukoa.
Sismologia adituek hainbat hipotesi proposatu dituzte lurrikara hauen jatorria azaltzeko: azken asteetan izandako euriteak edo aintzineko potasa meatzeen galerietan izandako luiziak.