Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Aurrekontuekin 'xantaia' egitea egotzi dio PSEk EAJri
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasun arduradunek Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu dute sozialistek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren 2013ko aurrekontuekin, oposizioari "xantaia" egitea egotzi dio Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Iñigo Urkulluren Gobernuari. Pastorren iritziz, xantaia egitea da aurrekontuak onartuz gero diru-sarrerak handituko dituztela esatea eta kontuak onartzeak enplegu plana baldintzatuko duela azpimarratzea. Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Arabako Ogasun arduradunek Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu du.
Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan egin duen agerraldian Eusko Jaurlaritzaren enplegu plana kritikatu du bozeramaile sozialistak.
Aurrekontuen gaineko proposamenak egiteko eskatu die Josu Erkorekak oposizioko alderdiei, eta horren harira esan du apirilaren 19a baino lehen aurkeztuko dituztela zuzenketak.
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua diru-sarrerak handitzeko prest agertu zen, Legebiltzarrean aurrekontuak onartzen badituzte. Pastorren iritziz, "xantaia" egin nahi die Eusko Jaurlaritzak oposizioko alderdiei.
"Gobernuak dauka aurrekontuen proiektua egiteko ardura, eta defizit muga malgutzeko aukerarik baldin badago, aurrekontuetan agertu beharko luke aukera horrek", azpimarratu du Jose Antonio Pastorrek.
Zerga iruzurraren kontrako borrokari esker dirua biltzeko aukerarik badago, partida hori aurrekontuetan agertu behar dela uste du Pastorrek. Horren ustez, diru-sarrerak errepasatu behar dira lehendabizi. Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasun arduradunek Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu dute sozialistek.