Gizartea -
ETBren esklusiba
Pako Etxeberria Nerudaren gorpua hobitik ateratzeko lanetan arituko da
Txileko Estatu-kolpetik egun batzuetara hil zen olerkaria, eta heriotzaren zergatia argitu nahi dute orain.
Erredakzioa
Pako Etxeberria forentseak Pablo Neruda poetaren gorpua hobitik ateratzeko lanetan hartuko du parte, Etxeberriak berak ETBri azaldutakoaren arabera.
Txileko Estatu-kolpetik egun batzuetara hil zen olerkaria, eta heriotzaren zergatia argitu nahi dute orain. Allende presidentearekin egin zuten bezala, Pako Etxebarria euskalduna izango dute ikerketa lanetan lagun.
Pablo Neruda idazlearen gorpua hilobitik ateratzeko agindua eman du epaile batek, heriotza zer eragin zion argitzeko helburuarekin.
Gorpuaren azterketa sakona apirilean egingo dute, eta ETBk jakin izan duenez, Etxeberria EHUko forentsea lan horretan arituko da.
40 urte dira Neruda zendu zela. Ofizialki, prostata minbiziagatik hil zen, baina Neruda alderdi komunistako militantea izateak eta bere azken egunetako informazio batzuek pozoituta hil ote zuten susmorako bide eman dute.
Etxeberriak azaldu duenez, dakitena da azken egunetan okerrera egin zuela. "Ospitalean zegoela, berarekin hitz egin zuten, baina, bat-batean, egun batetik bestera hil zen. Norbaitek esan du indizio bat eman ziotela, eta horren ondoren hil egin zela.
Etxeberriak beste begirale eta peritu batekin hartu du parte gorpua aztertzeko lanetan. Pauso guztiak grabatuko dira, froga baliagarriak izan daitezen epailearen aurrean.
"Analisi kimikoak laborategian egin behar dira. Indarkeriak eragindakoa baino zailagoa da egiaztatzen, ez ditu hain zantzu nabarmenak uzten", adierazi du Etxeberriak.
Gorpuzkinen kontserbazioa garrantzitsua izango da laborategiko azterketarako, baina hil aurretik hartzen zituen botika eta gorabehera guztiak jakiteko mediku historia aztertu beharko dute.