Gizartea -

Ingurugiroa

Gipuzkoako hondakinen kudeaketatik ikasi beharra dagoela uste du EBk

Janez Potocnik Ingurugiro komisarioak azaldu duenez, Aldundia garatzen ari den sistema "adierazgarria, garrantzitsua eta eredugarria" da.

Atez ateko zabor-bilketa, Gipuzkoan. Argazkia: EiTB
Atez ateko zabor-bilketa, Gipuzkoan.
Atez ateko zabor-bilketa, Gipuzkoan. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Janez Potocnik Europar Batasuneko Ingurugiro komisarioak goraipatu egin du Gipuzkoako Aldundiaren hondakinen kudeaketa, eta "adierazgarria, garrantzitsua eta eredugarria" delako, sistema horrengandik ikasi behar dela azpimarratu du.

Gipuzkoako Aldundiak prentsa-agiria bidali du Iñaki Errazkin Ingurugiro diputatuak Bruselako Parlamentuan europarrean "zero zabor filosofia"z emandako hitzaldiaren ostean.

Zaborrik sortzen ez duten tokian tokiko esperientziak kontatzeko tartean hitz egin du Errazkinek. Bertan izan da baita ere Capannoriko (Italia) alkatea, izan ere, 2020rako zaborrik ez sortzeko konpromisoa hartu zuen lehenengo udalerria da.

Gipuzkoako Aldundiak azaldu duenez, Janez Potocnikek argi adierazi du birzikla daitekeena ezin dela ez zabortegira ez errauskailura eraman, eta zabortegiak ixtearen alde agertu da. Era berean, Europar Batasunak hondakinak kudeatzeko jarri zituen lehentasunen artean errauskailua oso urrun dagoela adierazi du.

"Errauskailua ez da hondakinak kudeatzeko tresna onena", azpimarratu du Potocnikek, talde parlamentario ezberdinen aurrean Errazkinek azaldutako eredua goraipatu aurretik.

Errazkinek hitzaldian azaldu duenez, aurreko ereduaren "oinarria" hondakinen errausketa zen, eta 240.000 tona zabor erraustea aurreikusten zuten, baina egun 209.000 tona besterik ez dira sortzen.

Ingurugiro diputatuak aurreko eta egungo ereduak alderatu ditu, eta oraingoa "askoz ere merkeagoa (400 milioi euroko kostua izan beharrean, 186koa)" dela eta "hondakinen % 70 baino gehiago birziklatzea" ekarriko duela aipatu du.

Foru diputatuak Aldundiak jarri dituen helburuak ere azaldu ditu: 2016rako hondakinen % 60 birziklatzea, eta 2020rako % 75a.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Gipuzkoako albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Ingurumena azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia Hondakinen berrerabilpena