Gizartea -
Zabor bilketa
Uda aurretik atez ateko sistema ezarriko dute Tolosaldeko 5 herritan
Eskualdeko mankomunitatearen helburua %80 eta % 90 arteko birziklatze tasak lortzea da.
Erredakzioa
Tolosaldeko bost udalerritan atez ateko zabor bilketa sistema jarriko dute martxan, uda aurretik. Villabona, Zizurkil, Anoeta, Irura eta Alegia dira bilketa eredu berrira gehituko diren herriak.
Tolosaldeko Mankomunitateak azpimarratu duenez, gaur egun zabortegira botatzen den zaborraren zati handi bat birziklatu daiteke. Gaur egun zaborraren %34 birziklatzen dute Tolosaldean, eta atez atekoarekin % 80 eta % 90 artean birziklatzea lortu nahi dute.
Orendain "0 zabor" filosofiarekin bat egin zuen lehen Gipuzkoako udalerria da. Duela lau hilabete jarri zuten martxan zabor bilketa sistema berria, eta Tolosaldeko agintarien iritziz, emaitzek erakusten dute "bide onetik ari direla lanean".
Atez atekoa zaborra biltzeko sistema eraginkorrenetako bat da Tolosaldeko Mankomunitateko agintarien esanetan. Helburuak lortzeko, ordea, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, eta herritarrei inplikazioa eskatu die Mankomunitateak "zaborren kudeaketa guztion ardura delako".
Hilabete honetan bertan bilerak egingo dituzte bost udalerri horietan zabor bilketa sistema berriaren nondik norakoak herritarrei azaltzeko.