Gizartea -

Azken audientzia

Erromaren agurra, Benedikto XVI.a aita santuari

Karguan egon den ia zortzi urteetan une alaiak eta argiak, baina baita zailak ere, izan dituela esan du.

Benedikto XVI.a aita santua fededunak agurtzen. Argazkia:EFE.
Benedikto XVI.a aita santua fededunak agurtzen. Argazkia:EFE.
Jendetza bildu da Vatikanoan, aita santuari agur esateko

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benedikto XVI.a aita santuak Done Petri plazan bildutako milaka erromesak agurtu ditu gaur.

Aita santu izateari utziko dion egunaren bezperan, karguan egon den ia zortzi urteetan une alaiak eta argiak, baina baita zailak ere, izan dituela esan du. Hala ere, une oro Jainkoaren babesa eta bidea nabaritu duela gaineratu du.

"Jaunak egun eguzkitsu ugari eskaini dizkigu, arrantza ugaria izan ziren egunak, baina baita urak nahasita egon zirenak ere, Elizaren historian gertatu den bezala. Egun horietan Jainkoa lotan zegoela zirudien", esan du aita santuak bere azken audientzian.

Done Petri Galileako itsasoan apostoluekin txalupan zihoanean bezala sentitu dela adierazi du Benedikto XVI.ak, eta txalupa horretan berekin Jauna zihoala.

"Eliza maitatzeak erabaki zailak hartzeko ausardia izatea dakar, beti ere Elizaren onurarako", gaineratu du.

Aitasantutzari "askatasun osoz" uko egin diola nabarmendu du, eta "Elizaren onerako" egin duela azaldu du, bere indarrak ahulduz joan direlako. Hala ere, erabaki hori hartu izanak ez du esan nahi bizitza pribatua berreskuratuko duenik, aita santua izatea onartu zuenean bazekielako "erabaki horrek Jaunaren zerbitzura bizitzea esan nahi duela".

Benedikto XVI.a aita santuak "papamobil" irekian agurtu ditu plazan bildutako fededunak, eta, horretan ari zela, bere idazkariaren laguntzarekin, haur bati musu eman dio.

Done Petri plaza jendez gainezka egon da. Erromes eta bisitari askok inguruko kaleetan bilatu behar izan dute tokia, azken audientzia hori telebista erraldoien bidez ikusi ahal izateko.

Aita santuak bere esker ona agertu die bertaratu diren fededunei. "Hunkituta nago, Eliza bizirik dagoela ikusten ari naiz", adierazi du audientziaren hasieran.

Benedikto XVI.aren uko egiteak ustekabean harrapatu zituen mundu osoko fededunak, eta Vatikanora joateko erromesaldiak prestatzeko denbora gutxi izatea ekarri du horrek. Hala ere, azken bi Angelusetan aita santu alemanak milaka pertsona bildu ditu Done Petri plazan.

Segurtasun neurriak

Gianni Alemanno Erromako alkateak dirua eskatu dio Estatu italiarrari (4,5 milioi euro inguru) datozen ekitaldiak prestatzeko, batez ere, konklabearen egunak, aita santu berriaren iragarpena eta horren tronuratzea.

Egun horietarako Erromako alkatetzak bi unitate berezi sortu ditu. Bata antolakuntzarako eta fededunen harrerarako; eta bestea, Estatuarekin kolaborazioan, zainketarako eta ordena publikorako.

Gaurko audientziarako 2.000 pertsona mobilizatu dira, indar polizialen eta boluntarioen artean.

Benedikto XVI.ak bihar uko egingo dio aitasantutzari, eta ondoren, bi hilabete igaroko ditu Castel Gandolfon. Vatikanoko lorategietan dagoen monasterioa berregituratzen ari dira, eta lanak bukatu arte ezingo da bertan erretiratu, otoitz egiteko.

Castel Gandolfoko bizilagunek argi-zuzien prozesio batez hartuko dute bihar aita santua, eta Jauregi Apostolikoan bilduko dira. Bertan egingo du aita santuak ministerioari uko egin aurreko azken agurra.

Konklabea

Erromako alkatearentzat kezkagarria da konklabearen egunak noiz izango diren ez jakitea, fededunen harrera lanak prestatzen hasi ahal izateko, milaka lagun bilduko baitira Done Petri plazan aita santu berria iragarriko duen ke zuriaren zain.

Aita santu berria aukeratzeko konklabea Aulki Hutsa (aita santu bat hil, edo ministerioari utzi, eta hurrengoa aukeratu arteko tartea) hasi eta hurrengo 15 eta 20 egunetan izan ohi da, Vatikanoko araudiaren arabera. Hala ere, konklabea lehenago abiatu ahal da, bertan parte hartuko duten 115 kardinalak Erroman izanez gero, Benedikto XVI.ak egindako azken "motu proprio"-aren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Aita santua bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Eliza Katolikoa albisteak