Gizartea -
OCUren ikerketa
Eroskik dio bere hanburgesak ez direla arriskutsuak osasunarentzat
Zaldi haragia atzeman du OCUk supermerkatuetako 20 hanburgesetatik bitan, tartean Eroski Basic hanburgesetan.Baliteke behi eta zaldi okela fabrikazioan elkarrekin egon izana, Eroskiren hitzetan.
Erredakzioa
Bere hanburgesak osasunerako arriskutsuak ez direla ziurtatu du astearte honetan Eroskik, OCUk kaleratutako ikerketa baten ondoren.
Kontsumitzaileen elkarteak supermerkatuetan saltzen diren 20 hanburgesa fresko aztertu ditu, eta horietako bitan zaldi haragia atzeman du. Zehazki, Eroski Basic eta Alipende (Ahorramas) hanburgesetan.
Eroskik ohar batean azpimarratu duenez, zaldi DNA aurkitzeak ez du esan nahi haragi horretan zaldi haragi portzentaiarik dagoenik, eta ''fabrikazio prozesuan elkarrekin kontaktuan egon izana'' izan daiteke emaitzen arrazoia.
Haragiaren kalitateari dagokionez, OCUren ikerketa horretan nota onena lortu duten lehen bost hanburgesen artean bereak daudela azpimarratu du Eroskik.
Ziurtagiriak aurkeztu dituzte
Carnes Selectas Campofrio etxeko filialak Eroskiri hornitzen dizkion produktuak behi haragia direla egiaztatzeko ziurtagiria kaleratu du Eroskik, ''Carnes Selectas etxean behiarekin baino ez baitute lanik egiten''. Carnes Selectas etxeak, bestalde, bere instalazioetan egiten dituen analisi eta osasun agintaritzaren ziurtagiri guztiak helarazi dizkio Eroskiri.
Ikerketa abiatu dute
Campofrio Carnes Selectas etxeko bozeramaile baten arabera, litekeena da behi eta zaldi haragiak hornitzaileetako baten hiltegietan kontaktuan egon izana, eta barne ikerketa abiatu dute.