Gizartea -
Errege Etxearen aurrekontuak
Erregeak ia 300.000 euro irabaziko ditu 2013an ere
Felipe printzeak aitaren erdia kobratuko du. Guztira, Errege Etxeak 7.933.710 euroko aurrekontua izango du 2013an.
Erredakzioa
Erregeak 2011n kobratu zuen soldata bera jasoko du 2013an ere. Hau da, Juan Carlos I.ak 292.752 irabaziko ditu, eta Felipe printzeak, aitaren erdia. Gainera, iaz funtzionarioek izan zuten Gabonetako ordainsariaren murrizketa ere egin diete, Zarzuelako Jauregiak azaldu duenez.
Errege Etxearen aurtengo aurrekontua 7.933.710 eurokoa da, 2012an baino % 4 gutxiago. Kopuru osoaren erdia baino gehiago erakundean lan egiten duen jendearentzat da, eta % 8,81 ekitaldi ofizialetan parte hartzen duten Errege Familiako kideek jasotzen dute. Hortaz, Palmako Dukeek ez dute kobratuko.
2012an baino 55.000 euro gutxiago jasoko dute. Murrizketa hori erreginak, Asturiasko printzesak eta Elena infantak jasotzen duten kopurutik egin dute.
Horrez gain, 2013ko urtarrilaren 1etik, Erregearen Etxeak 27 kotxe ofizial gutxiago ditu. Hau da, hemendik aurrera bidaia ofizialak egiteko 45 ibilgailu izango ditu.