Gizartea -
Polemika
Oñatiko atez atekoaren kontrako plataforma desegin egin da
Aurkako plataformak, 2.500 sinadura bildu zituen. Agurreko agirian eskaria egin die herritarrei, paper edo plastikoz betetako zabor poltsak zintzilika dietzaten, protesta azaltzeko.
Erredakzioa
Oñatin, atez ateko zabor bilketaren aurkako plataforma desegin egin da, errepresaliak salatuta.
Hainbat pintaden berri izan dau alkateak, baina bestelakoan, biktimismoa ikusten du plataformaren jarreran. Oñatiko Bilduko udal taldeak bilerara deitu ditu arratsaldean plataformako kideak.
Oñatiko Atez Atekoaren aurkako plataformako kideek ez dute adierapenik egin. Euren lekukoa hartu duen Gipuzkoako plataformen kooordinakundetik aditzera eman dute presioei aurre egin ezinik erabaki dutela urte beteko lanari amaiera jartzea
Hainbat informaziotan aipatzen diren meatxuen inguruan, horrelakoren berririk ez duela gezurtatu du Mikel Biain alkateak. Urtarrila hasieran izandako bi pintaden berri bai. Haiek 24 orduko epean garbitu zituela udalak, eta biktimismoa ikusten duela plataformaren jarreran
Orain arte plataformak eta udalak harreman ona izan dutela dio alkateak. Ostegun honetan goizean bertan hitzegin dutela. Atez ateko zabor bilketa apirilean indarrean jartzekoa da Oñatin. Aurkako plataformak, 2.500 sinadura bildu zituen. Agurreko agirian eskaria egin die herritarrei, paper edo plastikoz betetako zabor poltsak zintzilika dietzaten, protesta azaltzeko.
EH Bildu: 'Mehatsuak erabat faltsuak dira'
Plataformak salatutako mehatxuak "guztiz faltsuak" direla azpimarratu du EH Bilduk, eta Gizpukoako eragile politikoei eta sozialei zaborraren inguruko "eztabaida lasaia" egiteko deia egin die.
Joseba Permachen prentsaurrekoa eman du Donostian Bilduko koalizioa osatzen duten beste hiru alderdietako ordezkariekin batera (EA, Aralar eta Alternatiba). Permach Gipuzkoako zaborrararen kudeaketaren inguruan aritu da.
PSE-EEk eta PPk gaitzespena eskatu dute
PSE-EEk eta PPk plataformak salatutako mehatxuak gaitzesteko exijitu dio Bilduri.
Iñaki Arriola PSE-EEko idazkari nagusiak komunikatua atera du Oñatin gertatutakoa "onartezina" dela esan eta "kutsu politiko nabarmena" duela adierazteko.
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak ere Bilduri "estortsioa" gaitzesteko eskatu dio, bestela, "koakzio onartezin honen atzean daudela, babestu egiten dutela begi onez ikusten dutela" frogatuko dute.