Gizartea -
Aurrematrikulazio kanpaina
Hezkuntzako partidari eutsiko dio Jaurlaritzak hurrengo ikasturtean
Urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra bitartean aurrematrikulazioa egiteko kanpaina izango da euskal hezkuntza publikoan.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu berriak jakinarazi duenez, hezkuntzari dagokion partidari eutsiko dio Eusko Jaurlaritzak 2013-2014 ikasturteari begira.
Oraindik Jaurlaritza 2013ko aurrekontuak prestatzen ari bada ere, "herrialdeko apustuei" dagozkien partidak, tartean, Hezkuntzakoa, bere horretan geldituko direla azaldu du.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua kazetarien aurrean agertu da ostegun honetan, Arantza Aurrekoetxea sailburuordearekin batera, aurrematrikula kanpainari buruzko xehetasunak emateko. Euskal hezkuntza publikoan urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra bitartean aurrematrikulazioa egiteko kanpaina izango dela jakinarazi du bertan.
Gurasoen eskariak ahalik eta modu zabalenean asetzeko konpromisoa azaldu du Hezkuntza sailburuak. Euskal eskola publikoaren helburuak "batzea eta pertsonak heztea dira", horren hitzetan, eta horren lekuko da aurtengo leloa: "Eskola honetan batu egiten dugu".
Aurrekoetxea sailburuordearen arabera, D ereduaren aldeko joera errepikatuko da lurralde guztietan, lehen hautu bezala, "azken urteotan gertatu bezala".
2012-2013 ikasturtea
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera, 325.158 ikasle matrikulatu dira guztira 2012-2013 ikasturtean Euskadiko ikastetxeetan, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa barne.
Wertekin bilera
Datorren astelehenean Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroarekin egingo duen bilerari buruz ere hitz egin du. Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Legearen aurreproiektua aztertzeko bilduko dira, etorkizunean gai horren inguruko bilera gehiago egindo dituzte bi aldeek, sailburuak aurreratu duenez.
Uriartek ez du jakitera eman zer jarrera izango duen bilera horretan; baina iragarri du euskal ordezkaritzak "aurrera egiteko modua" erakusteko proposamen bat eramango duela.