Gizartea -
ORAINDIK EZ DIRA BILDU
Bizkaiko gasolindegien greba, ez aurrera ez atzera
Greba mugagabearen bigarren astea hasiko da, eta langileak eta patronala ez dira bildu oraindik.
Erredakzioa
Bizkaiko gasolindegien greba mugagabeak lehenengo astea egin du, eta, antza denez, oraindik ez da bukatuko, ez baita langileen eta patronalen arteko negoziaziorik egon.
Bizkaian, 114 gasolindegi daude. Horietako hamaikatan, Eroskirenetan eta Lantegi Batuak kooperatibarenetan, ez dute Bizkaiko hitzarmena aplikatzen, eta, hartara, ez dira grebarik egiten ari, eta beste 12k zerbitzu minimoak eskaini behar dituzte.
Grebak erantzun ona izan du lehenengo astean; sindikatuen arabera, % 90eko jarraipena izan du, eta, patronalen arabera, % 70ekoa. Grebalari talde batzuek informazio piketeak egin dituzte, eta ez da inolako arazorik izan.
Sindikatuen arabera, grebaren jarraipena gero eta handiagoa da, hasieran parte hartu ez zuten hainbat gasolindegi gehitu baitira.
Aitor Amorrek, greba batzordearen buruak, patronalek ez dutela sindikatuekin inongo kontakturik izan jakinarazi du, eta Repsol eta Cepsako patronalak hitzarmenaren berriztatzea ekiditen ari direla salatu du.