Gizartea -
Konstituzionalak
Konstituzionalak koordainketa inposatu du Euskadin
Halere, paperik gabeko etorkinak artatzeko Eusko Jaurlaritzaren erabakia ontzat jo du.
Erredakzioa
Paperik gabeko etorkinak artatzeko Jaurlaritzaren erabakia ontzat jo du Auzitegi Konstituzionalak, nahiz eta botiken koordainketarekin lotutako neurriak bere horretan geldituko diren. Besteak beste, pentsiodunek, koordainketa farmazeutikorako prestaziorik ez duten langabek eta aktibo dauden pertsonek errentaren arabera medikamentuen % 40 eta % 60 artean ordainduko dute.
Jaurlaritzak ekainaren 26an dekretu bat argitaratu zuen eta helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak neurri horien kontra. Era horretan, Konstituzionalak behin behinekoz neurri horiek bertan behera uztea erabaki zuen helegitea aztertu bitartean.
Konstituzionalak orain dekretu horretako neurriak ontzat jo ditu, zehazki paperik gabeko etorkinak artatzearen eskubidearen ingurukoak, Osasun Ministerioak osasun txartela kentzeko erabaki ostean.
Jaurlaritzaren argudioak onartu ditu Auzitegiak; izan ere, paperik gabeko etorkinak ez artatzeak haien osasunari eta hainbat gaitz kutsakorri aurre hartzeari kalte egingo liekeela argudiatu zuen Jaurlaritzak, eta era horretan, "gizarte osoaren" osasunean eragina zuela.
Paperik gabeko etorkinen "osasunaren eta segurtasunaren eskubidea" eta "gizartearen osasunari kalte egiteko arriskua ekiditeko onurak garrantzia dute" eta "zehaztu ezin daitekeen behin-behineko aurrezkiak aintzat hartuta ezin dira indargabetu", dio Konstituzionalaren epaiak.
Hala ere, Konstituzionalak botiken koordinaketarekin lotutako neurriak bertan behera uzteko eskakizuna baztertu egin du.