Etxegabetzeak -
Kaleratzeak Stop
Lau seme-alaba dituen familia bat etxegabetuko dute Gasteizen
Arabako Kaleratzeak Stop elkarteak salatu duenez, Vitalquilerrek familia etxetik botako du datorren asteartean, alokairu kontratua bukatu ondoren 5.000 euroko fidantza berritu ezin izan duelako.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Kaleratzeak Stop elkarteak gaur salatu duenez, Vitalquilerrek lau seme-alaba, horietako hiru adingabeak, dituen Gasteizko familia bat etxegabetuko du datorren asteartean, alokairu kontratua bukatu ondoren 5.000 euroko fidantza berritu ezin izan duelako.
Sei kideko familia Gasteizen bizi da 2000. urtetik, aita langabe geratu zen 2014an eta iaz langabezia-sorospena galdu zuen, elkarteak agiri batean azaldu duenez.
Ez dute inolako diru-laguntzarik jasotzen, eta diru-sarrera bakarra amaren lanaldi partzialeko kontratua da. Ama garbitzailea da eta 760 euroko soldata du, elkarteak erantsi duenez.
Gainera, gizonak “depresio larria du, etxegabetze arriskuak eta asma bronkialak areagotuta, Osakidetzako txosten baten arabera”.
Babes ofizialeko etxebizitza
Ohiko etxebizitza batetik etxegabetu behar dituzte, konkretuki, “babeseko alokairuan erabiltzeko babes ofizialeko” etxe batetik, azaldu du Arabako Kaleratzeak Stopek. Vitalquilerrek familia auzitara eraman zuen 2016an, 2.703 euroko zor batengatik. Zorra zigor eta interesak ziren gehienbat; izan ere, askotan ezin zuten garaiz eta erregulartasunez ordaindu.
Etxegabetzea bertan behera utzi zuten orduan. Familia zorra kitatzen eta errenta pagatzen saiatu da “esfortzu handiarekin”, Vitalquilerrek abenduaren 1ean amaitu zen alokairu kontratua berritu behar ziela pentsatuz.
Kaleratzeak Stopen hitzetan, Vitalquilerrek kontratua luzatzea baztertu eta etxegabetzeko prozedura martxan jarri du.
Elkarretaratzea asteartean
Horregatik, etxegabetzea bertan behera uztea eskatu du Kaleratzeak Stop elkarteak Gasteizko epaitegietan. Prozedura bertan behera uzten ez baldin badute, datorren asteartean elkarretaratzea egiteko dei egin du elkarteak, “drama” salatzeko eta familiari elkartasuna adierazteko.
Gasteizko Udalaren gizarte-zerbitzuak gogor kritikatu ditu elkarteak, familiaren egoera ezagutzen dutelako eta proposatu dieten gauza bakarra aterpe batera joatea izan delako. Zentzu horretan, konponbide bat emateko “ehunka etxebizitza hutsik” direla gogorarazi du elkarteak.
Azkenik, Gasteizko epaitegiak Eusko Jaurlaritzarekin eta udalekin 2013an sinatutako hitzarmena “sistematikoki urratzen” ari direla salatu du elkarteak. “Etxegabetzeetan nahasitako familia ahulenak eta adingabeak antzeman behar dituzte eta udalari txosten bat eskatu etxegabetze data ezarri baino lehen”, gogorarazi dute.