Etxegabetzeak -
60.000 euro
Etxegabetzeen aurrean doako laguntza juridikoa izango dute Gipuzkoan
''Auzitan hasi baino lehen'' doako aholkularitza juridikoa eskainiko du Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak, Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen bati esker. Gizarte zerbitzuek bideratuko dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lurraldeko Abokatuen Elkargoak lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan, etxegabetzeei aurre egin behar dieten pertsonen ''eskubideak defendatzea bermatzen duen'' doako aholkularitza juridikoa eskaintzeko. Foru Aldundiak 60.000 euroko diru-laguntza eskainiko du horretarako.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak eta Lurdes Maiztegi Abokatuen Elkargoko dekanoak aurkeztu dute ekimena, prentsaurrekoan.
Maiztegik azpimarratu duenez, ''auzitan hasi baino lehen'' laguntza juridikoa eskaintzea du hitzarmenak helburu, eta Estatu mailan ildo horretan egindako aurrenekoa da. Abokatuen ordezkariaren hitzetan, orain arte ez da egon horrelako zerbitzurik, eta herritarrek arazoa gainean ikusten duenean ''judizialki defendatzea baino beste aukerarik ez dute izaten''. Orain, aurretiazko aholkularitza juridikoarekin, egoera horretara iristea ekidin nahi dutela azaldu dute.
Laguntza behar duten pertsonen identifikazioa eta hasierako harrera udal zerbitzu sozialen bitartez egingo dute. Hitzarmenaren aurkezpenean azaldu dutenez, ''laguntza juridiko integraleko zerbitzua da, Gipuzkoan bizi diren pertsonen eskubideak babesteko''. Ildo horretan, ''pertsona horiek bere etxebizitza bakarra galtzeko arriskuan eta gizarte bazterketaren mugan egon behar dute, diru erreklamazioen ondorioz, horien sorburuan hipoteka bidez bermatutako mailegua egon ala ez egon. Halaber, fede oneko zordunak izan behar dute".