Frantzisko aita santua -

Audientzia pribatua

Castro: 'Aita Santuak horrela jarraituz gero, fededun bihurtuko naiz'

Kubako presidentea Aita Santuarekin batzartu da Vatikanon, eta Kuba eta AEBk hurbiltzeko egindako ekarpena eskertu dio Frantziskori.

Raul Castro Kubako presidentea, aita santuarekin. Argazkia: EFE
Raul Castro Kubako presidentea, aita santuarekin. Argazkia: EFE
Raul Castro eta Aita Santua elkarrekin izan dira

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Raul Castro Kubako presidenteak 55 minutuko bilera izan du Frantzisko aita santuarekin Vatikanon. Castro 09:30ean tokiko orduan (07:30 GMT) heldu da bertara, eta jarraian audientzia pribatua izan dute.

Batzarra amaitu ostean, Castrok azpimarratu duenez, "aita santuak horrela hitz egiten jarraituz gero, berriro otoiz egiten amaituko dut, eta Eliza katolikora itzuliko naiz, eta ez nabil txantxetan".

Aita santuak datorren irailean Kubara joateko asmoa du, eta Kubaren eta AEBren arteko hurbiltze prozesuan lagundu du.

Aita santuarekin izandako bilera Barack Obamarekin izandakoa baino luzeagoa izan da. Hala ere, AEBko presidentearekin batzartu zenean, itzultzailearen laguntza izan zuten. Oraingoan, berriz, espainieraz hitz egin dute.

"Kubaren eta AEBren arteko hurbiltze horretan egindako ekarpena eskertu diot aita santuari", esan du Castrok, bilera amaitu ostean.

Hitz egiteaz gain, hainbat opari egin diote elkarri. Alexis Leyva Machado artista kubatarrak egindako margolan handia oparitu dio Castrok aita santuari (hainbat ontzik osatutako gurutze handia ikus daiteke margolanean, eta haur bat gurutzearen aurrean dago otoiz egiten).

Ipar Afrikatik Europara doazen milaka lagunen tragediari erreferentzia egin nahi izan dio artistak, Castrok Frantziskori azaldu dionaren arabera. "Zein iradokitzailea den!", adierazi du Jorge Bergogliok.

Halaber, Habanako katedralaren 200. urteurrena ospatzeko domina oparitu dio Castrok. Data hori ospatzeko 25 domina baino ez daude munduan.

Bestalde, Buenos Aireseko patroi Tourseko Martin Deunako medailoi bat eta Evangelii Gaudium apostulu-erregua eskaini dizkio aita santuak Castrori.

Bilera 'oso atsegina'

Audientzia pribatu horren harira, Castrok iragarri duenez, aita santuak datorren irailean Kuban eskainiko dituen meza guztietara "pozik" joango da.

"Aita santuak erakutsitako jakintasunagatik, bertuteengatik eta apaltasunagatik hunkituta nago, erabat hunkituta", esan du Kubako buruzagiak.

Gainera, Castrok aitortu duenez, Frantziskoren hitzaldi guztiak irakurtzen ditu, eta Jesusen Konpainia dela eta, harekin lotura handia duela esan du. "Bera jesuita da, eta ni ere, neurri batean, eskola jesuitetan beti izan naizelako", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Aita santua bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Kubako azken ordukoa Vatikanoko azken ordukoa