Frantzisko aita santua -

Habemus papam

Munduko buruzagi nagusien erreakzioa, aita santu berriaren aurrean

Jorge Mario Bergoglio Latinoamerikako aurreneko pontifizea da, eta baita Eliza Katolikoa zuzenduko duen historiako lehen jesuita ere.

Francisco aita santua. Argazkia: EFE
Francisco aita santua.
Francisco aita santua. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eliza Katolikoak atzo aukeratu zuen aita santu berria, Benedikto XVI.aren ondorengoa izango dena. Konklabearen bigarren egunean aukeratu zuten: tximiniatik bi aldiz ke beltza atera eta gero, hirugarrengoan, ke zuria atera zen. Kardinal hautesleek Jorge Mario Bergoglio argentinarra aukeratu zuten, eta horrek Frantzisko izena aukeratu zuen. Latinoamerikako aurreneko aita santua da, eta baita Eliza Katolikoa zuzenduko duen historiako lehen jesuita ere.

Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteak potentzia handien arteko elkarrizketa bultzatzeko eskatu dio Frantzisko aita santu berriari, "arazoak indarrez konpon ez daitezen". Munduan mezu hau zabaltzeko eskatu dio: "Munduko buruzagi nagusiek begira diezaietela beren herritarrei eta garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleei, eta horien arteko elkarrizketa bultza dezatela".

"Bere aukeraketa garrantzitsua da Latinoamerikarentzat eta Argentinarentzat, eta zorte ona opa diot kargu berrian", gaineratu du.

Dilma Rousseff presidenteak brasildar guztien izenean zoriondu du Frantzisko aita santua: "Brasil da munduan katoliko gehien dituen herrialdea, eta arreta handiz jarraitu dute fededunek Konklabea eta lehen aita santu latinoamerikarraren aukeraketa".

Bide batez, uztailean Rio de Janeiron ospatuko den Gazteen Mundu Topaketan parte hartzera gonbidatu ditu fededun guztiak. Bertan izango da Frantzisko aita santu berria ere, eta haren bisitak Brasilen eta Vatikanoaren arteko loturak indartzeko balioko duela uste du Brasilgo presidenteak.

Peruko Gobernuaren izenean hitz egin du Ollanta Humala presidenteak. Horren hitzetan, Frantzisko aita santua aukeratuta Latinoamerika munduaren erakusleihoan jarriko da. "Poztasun handiz ospatu dugu kardinal argentinarra aukeratu izana, maite dugu herrialde horretako semea delako, eta han hasi zelako Latinoamerikako herrialdeak askatzeko

"Pozik eta harro gaude Bergoglio kardinala aita santu aukeratu dutelako", adierazi du Sebastian Piñeiro Txileko presidenteak. Lehen aita santu latinoamerikarra izateaz gain, Eliza Katolikoa zuzentzen duen lehen jesuita dela nabarmendu du.

"Frantzisko aita santua, jesuita umila eta pobreziaren kontrako borrokalari sutsua. Bera aukeratu izana onuragarria izango da Latinoamerikarentzat", adierazi du Federico Franco Paraguaiko presidenteak Twitterreko bere kontuan. Argentinarra izaki, orain gaztelania Vatikanoko hizkuntza ofiziala izango dela iradoki du barre artean.

Raul Castro Kubako presidenteak aita santu berria zoriondu du, eta zorterik onena opatu dio ibilbide berri horretan.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere Eliza Katolikoaren historiako 266. aita santua zoriondu du: "Osasuna, zoriona eta zibilizazioen eta erlijioen arteko elkarrizketa bultzatzeko zortea opa dizkiot". Errusia eta Vatikanoaren arteko harremanak bere horretan jarraituko duela gaineratu du.

Filipinak dira Asian katoliko gehien dituen herrialdea, eta bertako Gobernuak aldaketa garai baten hasieran gaudela nabarmendu du: "Europaz kanpoko lehen aita santua da eta Latinoamerikako lehena, eta horrek aldaketa ekarriko du".

Japoniako Gobernuak nabarmendu duenez, Vatikanoarekin dituen harremanak sakontzea espero du. Yoshihide Suga Japoniako bozeramaileak adierazi du ordezkari bat bidaliko dutela aita santuaren kargu hartze ekitaldira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea albisteak Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Erlijioa albisteak gaur Gotzain Biltzarraren albisteak gaur