Frantzisko aita santua -
Pausoak
Aita santu berriaren aukeraketa jarraitzeko gida
Prozesuak hautagai batek konklabean parte hartuko duten 115 kardinalen botoen bi heren lortu arte iraungo du. Eitb.com-ek zuzenean jarraituko du konklabea.
A. A.
Aita santuak zereginari uko egin ostean, Benedikto XVI.aren ondorengoa aukeratzeko konklabea astearte honetan hasiko da, baina ez dakite noiz amaituko den. Behar duten denbora guztia hartuko dute. Hala ere, erabakia lehenago hartu ez badute, atsedenerako eta solasaldirako tartea egingo dute, bosgarren egunaren ostean eta zazpigarren eta bederatzigarren egunetako arratsaldean. eitb.com-ek zuzenean jarraituko du konklabea.
Aita santu berria aukeratuko duten kardinalen artean, italiarrak izango dira gehiengoa. 115 kardinal hautesleetatik, 28 italiarrak, 11 afrikarrak eta 33 estatubatuarrak dira. Hortaz, aita santua aukeratzeko hautagaiak 77 boto beharko ditu.
Odilo Pedro Scherer (Brasil, 63 urte), Peter Turkson (Ghana, 64 urte), Angelo Scola (Italia, 71 urte), Cristoph Schoenborn (Austria, 67 urte) eta Mauro Piacenza (Italia, 69 urte) dira aita santu berria izateko hautagai nagusiak.
Lehen egunean, goizean, Pro eligendo ponticifem aita santu berria aukeratzeko meza egingo dute. Oraingo honetan, meza 10:00etan izango da, San Petri basilikan eta Angelo Sodano kardinal dekanoak emango du.
Letaniak amaitzean eta kardinalak euren lekuetan esertzen direnean, Veni Creator Spiritus Espiritu Santua inbokatzeko ereserkia abestuko dute.
Ondoren, kardinalek zin egin beharko dute. Azkenak amaitzen duenean, Zeremonia Liturgiko-Pontifikalen maisuak Extra Omnes (Denak kanpora) esango du eta konklabean parte hartuko ez dutenek Kapera Sixtinotik atera beharko dute.
Ordutik aurrera lehen bozketa egin dezakete, lehenengo egunean egin daitekeen bakarra, baina hurrengo egunera ere atzeratu dezakete.
Konklabeak irauten duen bitartean, kardinalek inkomunikatuta egon behar dute: ezin dira kanpoarekin harremanetan jarri, ezin dute eskutitzik hartu, ez eta telefonoz hitz egin ere.
Prozesua
Bozketa prozesua hirutan banatzen da: atarikoa, bozketa eta zenbaketa.
Atarikoa
Egunean lau bozketa egiten dira, bi goizeko saioan eta beste bi, arratsaldekoan. Saio horietako bakoitza baino lehen, kardinal diakonoak hiru zenbatzaile, hiru erizain eta hiru begiratzaile aukeratzeko zozketa egingo du. Hautesleei Eligo in Summum Pontificem (Aita santua aukeratzen dut) testua eta izena idazteko tarte zuria uzten duen bi txartel banatuko zaizkie.
Bozketa
Kardinal bakoitzak boto bakoitza bi aldiz tolestu eta, jatorriaren arabera ezarritako ordenari jarraituta, botoa aldarera eraman beharko du.
Testor Christuum Dominum, qui me iudicaturus est, me eum eligere, quiam secundum Deum iudico eligi debere (Jesukristo Jauna jartzen dut lekuko, eta berak epaitu nazala, aita santurako egoki irizten diodanari ematen diodala botoa, Jainkoaren aurrean), da kardinalek botoa ematean egin beharreko zina.
Zenbaketa
Zenbatzaile aukeratu dituzten hiru kardinalek botoak zenbatuko dituzte, hautesleen aurrean. Boto eta hautesle kopurua berdina ez bada, txartelak erre eta bozketa errepikatuko dute. Ondoren, hiru begiratzaileek prozesua zuzen bete dela baieztatu beharko dute.
Hiru egunetan aita santurik ateratzen ez bada, kardinal hautesleek etena egingo dute laugarren egunean, otoitz egin eta elkarren artean eztabaidatzeko. Ondoren, beste zazpi egunez bozkatu ahal izango dute, eta berriz ere egun batez etena egin. Horrela, harik eta hautagai batek behar adina boto lortu arte.
Ke beltza edo zuria
Zenbaketa bakoitzaren ostean, boto-txartelak eta zenbatzaileen oharrak erre egiten dira.
Emaitzarik lortu ez badute, txartelak lasto bustiarekin erretzen dira eta tximiniatik ke beltza ateratzen da. Botoen bi heren atera badira eta hautagaiak zeregina onartu badu, berriz, txartelak lasto lehorrarekin erretzen dira eta ke zuria irteten da. Horrela, mundu osoari aita santu berria aukeratu dutela jakinarazten diote.
Hala ere, lastoaren sistema ez da oso fidagarria; izan ere, batzuetan kea grisa izan da eta nahasmen handia eragin du. Hori dela eta, orain bi labe erabiliko dituzte: bata txartelak erretzeko eta bestea kea egiteko.
Zeregina onartu
Aita santu berria aukeratu ostean, kardinal diakonoen azkenak Kapera Sixtinora deituko ditu Kardinalen Kolegioko idazkaria, Ospakizun Liturgiko-Pontifikalen maisua eta bi zeremonia maisu.
Orduan kardinal dekanoak hautesleen adostasuna eskatuko du esaldi honekin: Acceptasne electionem de te canonice factam in Summum Pontificem? (Aita Santu aukeratu izena onartzen duzu?). Oraingo honetan, Angelo Sodano dekanoak eta Roger Etchegaray dekanordeak 80 urte baino gehiago dituztenez, Giovanni Battista Re kardinalak egingo du galdera hori.
Hautatutakoak baietz esaten badu, ondorengoa galdetzen zaio: Quo nomine vis vocari (Zein izenekin ezagutuko zaituzte). Aita santu berriak aukeratutako izenarekin esaldi hau erantzungo du: Vocabor N. (Nire izena N izango da.)
Ordutik aurrera, hautatua Erromako gotzaina, aita santua eta Gotzainen Kolegioko burua izango da.
Lehen bedeinkapena
Hautatua izan ostean, kamarlengoak eta Ospakizun Liturgiko-Pontifikalen maisuak aita santu berria "Malkoen Gela" izenarekin ezaguna den Kaperako sakristiara eramango dute. Dirudienez, karguaren arduragatik negar egin dute orain arteko aita santu guztiek. Gela horretan ere Erromako Gammarelli jostundegiak XVIII. mendetik egiten dituen hiru tamainatako sotana zuriak topatuko ditu aita santu berriak. Gainera, herria agurtu aurretik ilea edo bizarra mozteko aukera ere izango du.
Jean Louis Tauran kardinal protodiakonoak hau esango du San Petriren Basilikaren balkoi nagusira irtenda: Annuntio vobis gaudium magnum; habemus papam: eminentissimun ac reverendissimum dominum, dominum... sanctae romanae ecclesiae cardinalem... qui sibi nomen imposuit... (Berri pozgarri bat eman behar dizuet: badaukagu aita santua).
Azkenik, aita santua balkoian agertuko da eta Urbi et orbi (Erromarentzat eta Munduarentzat) lehen bedeinkapena egingo du. Hortik aurrera bera da Elizaren agintari gorena.