Ekonomia -
CAF
Belgikako trenbide sarerako CAFen kontratazioa eten du Auzitegi batek
Belgikako trenbide-sareak ehunka tren ordezkatzeko lizitazio europarra egin zuen, eta hiru eskaintza jaso zituen: CAFena (aukeratutako proiektua), Siemensena eta Alstom belgikarrarena. Azken horrek errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegian. 1700 eta 3400 milioi euro arteko kontratua da.
Agentziak | EITB
Belgikako Estatu Kontseiluak bertan behera utzi du Belgikako trenbide-sareak (SNCB) CAFi datozen urteotako trenen fabrikazioa esleitzeko hartutako erabakia, esleipen-prozesuan gardentasunik eza argudiatuta.
Gipuzkoako enpresak Belgikako trenbideetarako bagoiak egiteko kontratu publiko bat lortu zuen zuen otsailean, 1.700 eta 3.400 milioi euro arteko kontratua.
Belgikako trenbide-sareak Europa mailako lizitazio bat abiarazi zuen ehunka tren autopropultsatu ordezkatzeko kontratu baterako, eta hiru eskaintza jaso zituen: CAFena, Siemensena eta Alstomena.
CAF "lehentasunezko lizitatzaile" gisa aukeratzea erabaki ondoren, egoitza Belgikan duen Alstom konpainia frantziarrak errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegian. Bernard Belvauxek, Beneluxeko Alstomen filialeko zuzendari nagusiak, "harrigarri" jo zuen erabakia, kontuan hartuta enpresak Belgikan 3.000 laguno lana ematen diela eta bere eskaintza CAFena baino 100 milioi euro merkeagoa zela, tokiko komunikabideek jakinarazi zutenez.
Gobernu federaleko Mugikortasun ministroak, Jean-Luc Cruckek, martxoaren hasieran esan zuen kontratu publikoei aplikatu beharreko Europako arauak errespetatu zirela erabaki hori hartzerako, eta CAF lehentasunezko lizitatzaile gisa mantentzeko erabakia aho batez hartu zuela SNCBko enpresa-batzordeak, herrialdeko talde politiko guztietako ordezkariek osatutako batzordea.