Ekonomia -

Inflazioa

Urte arteko KPIa % 2,8raino apaldu da EAEn eta % 1,9raino Nafarroan, martxoan

Espainiako Estatuan, urtebeteko inflazioa zazpi hamarren murriztu da, % 2,3raino, argindarraren eta erregaien merkatzeak eraginda.

Gasolindegi bat, artxiboko irudi batean
Gasolindegi bat, artxiboko irudi batean

Gasolindegi bat, artxiboko irudi batean

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prezioek gora egiten jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, igoera apaltzen ari bada ere. Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urtebeteko tasa % 2,8raino apaldu da martxoan EAEn, eta % 1,9raino Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera.

Urte arteko tasak bost hamarren egin du behera EAEn, % 3,3tik % 2,8ra, eta 1,1 puntu Nafarroan, % 3tik % 1,9ra. Batez ere, argindarraren eta erregaien merkatzeak eragin du prezioen apaltzea. 

Otsailetik martxora, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) bi hamarren igo da EAEn eta hamarren bat jaitsi, berriz, Nafarroan.

Urtea hasi zenetik, prezioak % 0,7 garestitu dira EAEn, eta % 0,1 Nafarroan.

Arabak eta Gipuzkoak izan dute urtebeteko inflaziorik handiena martxoan (% 3,7), eta Bizkaia % 2,7an gelditu da. Otsailetik martxora, prezioak % 0,3 garestitu dira Araban, % 0,2 Bizkaian eta mantendu egin dira Gipuzkoan.

Elikagaiak eta edariak batez beste % 3,6 garestitu dira martxoan EAEn, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta (otsailean baino lau hamarren gehiago). Halaber, Nafarroan elikagaiak iaz hilabete berean baino % 2,6 garestiagoak dira (lau hamarren garestiagoak otsailetik).

Espainiako Estatuan, urtebeteko tasa % 2,3an gelditu da, otsailetik zazpi hamarren murriztuta.

Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) bi hamarren jaitsi da martxoan, % 2raino. 2021eko azarotik izandako tasarik txikiena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa gaur KPI gaur Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Kontsumoa Elektrizitatea albisteak Gasolioaren prezioa Hipermerkatuei buruzko albisteak