Ekonomia -
Gerra komertziala
Trumpek Txinari ezarritako muga-zergak % 145ekoak dira
AEBko Presidentetzak ostegun honetan argitaratu du Pekini ezarritako zergak % 125era igotzea jasotzen duen zuzenketa, eta ehuneko hori gehitu egiten zaio apirilaren 2an Trumpek munduko ia herrialde guztiekin merkataritza gerra hasi aurretik zegoen % 20ko kargari.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak Txinari ezarritako muga-zergak % 145ekoak dira, Etxe Zuriak CNBC telebista kateari baieztatu dionez.
AEBetako Presidentetzak ostegun honetan argitaratu du Pekini ezarritako zergak % 125era igotzea jasotzen duen zuzenketa. Funtzionario batek kateari baieztatu zionez, joan den apirilaren 2an errepublikanoak ia munduko herrialde guztiekin merkataritza gerra hasi aurretik zegoen % 20ko muga-zerga gehitu behar zaio, eta beraz, guztizko zerga % 145ekoa da.
Bazkide komertzialekin negoziatzen jarraitzen du New Yorkeko handikiak eta Txina da atzo ezarritako 90 eguneko zerga-etenetik kanpo utzi zuen herrialde bakarra.
Trumpen arabera, Pekinek "errespetu falta" erakutsi die merkatuei. Azken igoera horren aurretik, Asiako erraldoiak % 104ko zergak ezarriak zizkion eta AEBren aurkako muga-zergak aktibatu zituen kopuru hori berdintzeko.
Txinako Gobernuak ziurtatu duenez "borondate irmoa" eta "baliabide ugari" ditu, AEB "bere neurri murriztaile ekonomiko eta komertzialak areagotzen" saiatzen bada hari "erabakitasunez" erantzuteko.
"Noizbait, etorkizun hurbilean, Txina konturatuko da Estatu Batuei eta beste herrialde batzuei iruzur egiten zien garaia jada ez dela jasangarria, ezta onargarria ere", esan du Trumpek Truth Social sare sozialean.