Ekonomia -
EAE-ko 2026ko Lan-egutegia
2026ko lan-egutegiak 12 jaiegun, lau zubi eta hiru asteburu luze izango ditu
Aurtengoarekin alderatuta, martxoaren 19a eta uztailaren 25a jaiegunak izango dira, eta Aste Santua garaiz helduko da datorren urtean, apirilaren 2tik 6ra izango baita.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak 2026rako lan-egutegia onartu du astearte honetan, 12 jaiegun zehaztuta. 2025eko jaiegun kopuru-bera izango da datorren urtean, 12 jaiegun, hain justu. Azaroaren 1a eta abenduaren 6a igandeak direnez, martxoaren 19ko eta uztailaren 25eko jai tradizionalek ordezkatuko dituzte eta, beraz, 2026an jaiegunak izango dira.
Urteari hiru zubirekin ekingo zaio, urtarrilaren 1a osteguna baita eta, hilaren 6a, Errege Eguna, asteartea. 2026an martxoaren 19a jaieguna da, osteguna, beraz, zubia izango da, eta abenduaren 8ra arte ez da zubi egiteko aukera gehiagorik izango. Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna asteartea izango da datorren urtean.
Dena dela, izango dira asteburua luzatzeko moduak, maiatzaren lehenengoa (Langilearen eguna) ostirala baita, eta urriak 12, astelehena. Gabonetan, aurten, abenduaren 25a ostirala da, beraz, asteburu luzeaz gozatzeko parada izango da.
Aste Santua, berriz, garaiz helduko da datorren urtean, apirilaren 2tik 6ra.
2026ko lan-egutegia, EAEn
- Urtarrilak 1 (Urteberri eguna)
- Urtarrilak 6 (Errege eguna)
- Martxoak 19 (San Jose eguna)
- Apirilak 2 (Ostegun Santua)
- Apirilak 3 (Ostiral Santua)
- Apirilak 6 (Pazko astelehena)
- Maiatzak 1 (Langileen eguna)
- Uztailak 25 (Santiago eguna)
- Abuztuak 15 (Andre Mariaren Jasokunde eguna)
- Urriak 12 (Pilarreko Andre Mariaren eguna)
- Abenduak 8 (Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna)
- Abenduak 25 (Eguberri eguna)
Egun horiei bi jaiegun gehitu behar zaizkie, udalek eta foru aldundiek ezarri beharrekoak, eta horiek zehazteko izapideak hasiko dira orain. Ezusterik ezean, honakoak izango dira:
Bizkaian eta Gipuzkoan: Uztailak 31 (San Inazio). Ostirala da.
Araban: Apirilak 28 (San Prudentzio). Asteartea.