Ekonomia -

GERRA KOMERTZIALA

Produktu industrialetan muga-zergarik ez egotea proposatu dio Europar Batasunak AEBri

Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak, hala ere, azpimarratu du merkataritza harremanak dibertsifikatu egin behar direla, eta arreta jarri munduko merkataritzaren gainerako % 83k ematen dituzten "aukera handietan".

Von der Leyen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Von der Leyen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Von der Leyen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak esan du Europar Batasunak AEBrekin negoziatzeko prest jarraitzen duela % 20ko muga-zergen gatazkari amaiera emateko, eta produktu industrialen kasuan zergarik ez ezartzea eskaini diola Washingtoni.

"AEBrekin negoziatzeko prest gaude. Esate baterako, ondasun industrialen kasuan muga-zergarik ez egotea proposatu dugu, beste bazkide komertzial batzuekin egin dugun moduan", adierazi du EBko presidenteak Jonas Gahr Store Norvegiako lehen ministroarekin batzartu ostean.

EBko iturriek zehaztu dutenez, eskaintza horixe mahaigaineratu zuen Maros Sefcovic Merkataritza eta Segurtasun Ekonomikorako komisarioak Howard Lutnik AEBko Merkataritza idazkariarekin eta Jamieson L. Gree arduradun komertzialarekin aurreko ostiralean egindako bileran.

Prentsaren galderei erantzunez, kontserbadore alemaniarrak esan du horrelakoxe eskaintza aurkeztu eta berretsi zutela automobilgintza sektorean ere, baina orduan ez omen zen "erantzun egokirik izan".

Von der Leyenek azpimarratu du Europa "akordio on batera iristeko prest" dagoela, baina "tresna guztiak mahai gainean" dituela, Donald Trump AEBko presidenteak abian jarritako gerra komertzialari irtenbidea emateko.

"Tresna guztiak ditugu mahai gainean. Tresna-sorta bat dugu, eta ikusi egin behar dugu negoziazioak nola doazen, azkenean zein erabili erabaki aurretik", azaldu du.

Era berean, lantalde bat martxan jarriko omen da muga-zergek "zeharka" eragindako kalteak aztertzeko. "Industriarekin lan egingo dugu gure neurri politikoek oinarri enpirikoa dutela ziurtatzeko. Harreman estua izango dugu, elkarrekin lan egiteko eta eragindako kaltea apaltzeko", argudiatu du.

Azkenik, Europako Batzordearen buruak merkataritza dibertsifikatzea proposatu du; hau da, arreta jartzea munduko merkataritzaren gainerako % 83k eskaintzen dituzten "aukera handietan". "Horregatik ari gara sakontzen gure merkataritza kideekin ditugun harremanetan", berretsi du, Mexiko, Mercosur eta Suitza aipatuz, eta etorkizunera begira India, Thailandia, Malaysia, Indonesia eta "beste asko". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump