Ekonomia -

Lan gatazka

Langileak enpresaren aurrean defendatuko dituztela esan diote erakundeek Bridgestoneko enpresa batzordeari

Gainera, datorren astean konpainiaren Europako zuzendaritzarekin egingo duten bileran, "industria plan bat" eskatuko dute erakundeek. Bestalde, sindikatuek gatazkaz duten ikuspegia helarazi ahal izan diete agintariei: "Entzunda sentitu gara".

Basauriko Bridgestone lantegiko enpresa-batzordeko ordezkariak. Irudia: EITB
Basauriko Bridgestone lantegiko enpresa-batzordeko ordezkariak. Irudia: EITB

Basauriko Bridgestone lantegiko enpresa-batzordeko ordezkariak. Irudia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakundeek Bridgestone Basauriko (Bizkaia) enpresa batzordeari jakinarazi diote "industria plan bat" eta negoziazio prozesu bat eskatuko dizkiotela konpainiaren Europako zuzendaritzari, enpresak iragarritako lan-erregulazioko espedientearen "ondorioak murrizteko". Gainera, "langileak enpresaren aurrean" defendatuko dituztela esan diote.

Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Basauriko Udaleko ordezkariek eta Bridgestoneko enpresa batzordeko kideek bilera egin dute gaur arratsaldean, konpainiak Basauriko lantegitik 335 behargin kaleratuko dituela iragarri ostean, egoera "partekatzeko eta elkarrekin aztertzeko".

Bileran izan dira Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea, Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia.

Bilera deitu duten erakundeek "beharginen eta haien familien egoerarekiko elkartasuna" helarazi diete enpresa batzordeko kideei, eta "bertatik bertara" entzun dute langileen ordezkarien iritzia, "enpresak iragarritako kaleratzeen inguruan".

Erakundeek eta batzordeak bilera gehiago egiten jarraitzeko asmoa agertu dute, "enpresak iragarritakoaren ondoren bilakaera partekatzeko helburuarekin".

Bestalde, Luis Escalona enpresa batzordeko idazkariak azaldu duenez, sindikatuek gatazkaz eta arazoaz duten ikuspegia helarazi diete agintariei. "Entzunda sentitu gara. 92 urteko historia duen lantegi bat, gauzak ondo egiten direlako da, eta laster izango ditugun bilera gehiagotara gonbidatu gaituzte, enpresarekin hitz egin ondoren", azaldu du.

Beharginen ordezkariek erakundeei adierazi dietenez, "lantegiak etorkizuna du eta irtenbideak daude". "Ezin da onartu irabaziak dituen enpresa batean zuzendaritzak hartutako erabaki baten ondorioz horrelako drama bat egotea. Industria plan bat nahi dugu, eta haiek bat datoz", esan du Escalonak.

Ildo horretan, azpimarratu du erakundeek adierazi dietela "ezustean" harrapatu dituela enpresaren erabakiak, langileei bezala, "ez zutela espero, eta aitortu ere egin dutela duela gutxi kontrako proiektuak zituztela, Basauriko lantegiaren ekoizpena eta instalazioak handitzeko".

Beharginek "alde guztientzat ona" den irtenbide bat lortzea espero dute. "Orain enpresarekin hitz egingo dute, Europako zuzendaritzarekin, eta ondoren informatuta mantenduko gaituzte, eta batzar gehiago izango ditugu, beharrezkoak direnak", erantsi du batzordeko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak