Ekonomia -
Gerra komertziala
Hauek dira Trumpen muga-zergetatik libratu diren produktuak eta estatuak
Kobrea, urrea, produktu farmazeutikoak, erdieroaleak, zura eta AEBetan "eskuragarri ez dauden" energiak eta mineralak muga-zergetatik kanpo geratu dira. Errusiak, Kubak, Ipar Koreak eta Bielorrusiak ez dituzte muga-zergak jasango, dagoeneko zigor ekonomiko gogorrak pairatzen dituztelako.
Agentziak | EITB Media
Kobrea eta urrea, produktu farmazeutikoak, erdieroaleak, egurrezko artikuluak eta Ameriketako Estatu Batuetan "eskuragarri ez dauden" energia eta mineralak Donald Trump AEBko presidenteak ezarritako muga-zerga globaletatik libratuko dira, Kanadarekin eta Mexikorekin sinatutako merkataritza-itunari lotutako beste produktu batzuekin batera. Gainera, Errusia, Kuba, Ipar Korea eta Bielorrusia muga-zerga orokor horietatik at utzi ditu Trumpek, Etxe Zuriaren arabera, estatu horiek dagoeneko zigor ekonomiko gogorrak jasaten dituztelako.
Erabaki horiek AEBko gerra eta defentsa nazionaleko kasuetarako legedi federalaren atal batean oinarritzen dira, eta 1962ko Hedapen Komertzialeko Legean, sail edo agentzia federalei Merkataritza Departamentuari inportazio jakin batzuek segurtasun nazionalean duten inplikazioari buruzko ikerketa bat eskatzeko ahalmena ematen dienean.
Gabriel Boric Txileko presidenteak esan duenez, "Txilerentzat garrantzitsuak diren zenbait esportazio produktu ez daude, oraingoz behintzat, muga-zergen barruan, hala nola, kobre eta egurra eta horiekin lotutako produktuak".
Era berean, altzairua, aluminioa, autoak eta horien osagaiak kanpoan daude, Trumpek aurretik ezarritako % 25eko muga-zergen eraginpean baitaude.
Autoen eta kamioi arinen gaineko % 25eko muga-zergak gaur sartu dira indarrean. Baina Mexikon eta Kanadan egindako osagaiek ez dute muga-zergarik izango.
Era berean, muga-zergek ez ditu aldatzen Kanadari eta Mexikori eragiten dieten fentaniloaren eta legez kanpoko immigrazioren aurkako neurriak.
T-MEC
"Horrek esan nahi du T-MEC betetzen duten produktuek – hiru herrialdeen arteko merkataritza akordioa- % 0ko muga-zerga izango dutela, betetzen ez dutenek % 25ekoa, eta betetzen ez duten energia eta potasa produktuek % 10ekoa", zehaztu du Washingtonek.
Nahiz eta neurri horiek bertan behera geratu, "T-MEC betetzen duten produktuek lehentasunezko tratua jasotzen jarraituko dute, eta hori betetzen ez dutenek, berriz, % 12ko elkarrekiko muga-zerga jasango dute".