Ekonomia -
Gerra Komertziala
Trumpen muga-zergak, herrialdez herrialde
Txina da denen buru, % 34ko arantzelekin, baina aurrez ezarritako % 20koak batu behar zaizkio (guztira, % 50tik gora). Hegoaldeko ekonomia ahul askok % 40-50eko zergak pairatuko dituzte, hala nola Lesotho (% 50), Kanbodia (% 49), Laos (% 48), Madagaskar (% 47) eta Vietnam (% 46).
E. G.| EITB Media
Munduko herrialde gutxik egingo diote iskin Donald Trump AEBko presidenteak bart iragarritako gerra komertzial erabatekoari. Handi-mandiak grafikoki erakutsi nahi izan du, eta taula handi bat atera du muga-zergak iragartzeko agerraldian: herrialde eta arantzelen zerrenda amaigabea ikus zitekeen.
Harrigarria bada ere —mehatxu ugari egin ditu Trumpek euren kontra—, bi herrialdek zergak saihestu dituzte, oraingoz: Kanada eta Mexiko. Errusia, Bielorrusia, Kuba eta Ipar Korea ere ez dira zerrendan ageri, baina horien kasuan Etxe Zuriak argitu du euren kontra badituela "zigor ekonomiko zorrotzak" ezarrita.
Hona, muga-zerrenden "biktimak", arantzel handienetik txikienera ordenatuta:
Txina. Asiako erraldoiari % 34ko tasa ezarri dio AEBk, baina aurrez jarritako % 20 batu behar zaio. Hala, % 54koa izango da zerga.
Lesotho eta Saint-Pierre eta Mikelune. Itsasora irteerarik ez duen Afrikako herrialdeak arropa eta diamanteak esportatzen ditu. Bestalde, Kanadako uretan kokatutako uharteek arrantza dute ekonomiaren ardatz. Biek ala biek % 50eko tasa izango dute.
Kanbodia. Asiako herrialdeko ekonomian aparteko pisua du ehungintzak, eta % 49ko arantzela ezarriko zaio, batez ere Txinarekin duen harreman komertziala zigortzeko.
Laos. Indotxinako herrialde hau ere itsasgabea da, eta nekazaritza du aberastasun iturri nagusi. Kanbodiak bezala, Txinarekin itun komertzialak ditu. Kasu honetan % 48koa da arantzela.
Madagaskar. Afrikako uharte handi hau munduko banilla-ekoizle handiena da, eta Afrikako herrialdeei begiratuta, kanela-ekoizlerik handiena. % 47ko tasa jasango du.
Vietnam. Asiako herrialdeak Pekinekin harreman estua du, eta azken urteotan suspertzen ari den herrialdea bilakatu da, produktu elektronikoak eta manufaktura arina esportatuz. Nekazaritzak eta lehengaiek ere pisu handia dute bere ekonomian. % 46ko arantzelarekin zigortuko du Trumpek.
Sri Lanka eta Myanmar. Asiako uharteak hazkunde handi samarra izan du hainbat produkturen —kanela, tea, kafea, kautxua eta kokoa— ekoizpen eta esportazioari esker. Honek ere Txinarekin itun komertziala du. Bestalde, 7,7ko magnitudeko lurrikara pairatu berri duen herrialdeak (aurrez, are, gerra jasan du) ehungintza du ekonomiaren zutabe nagusietakoa. Biei % 44ko zergak ezarriko dizkie.
Siria eta Maldivak. Gerrak nabarmen kolpatu du Ekialde Hurbileko herrialde honen petrolio ekoizpenerako aukerak, baina hidrokarburoak dira gaur-gaurkoz diru iturri nagusi. Asiako uharteari dagokionez, turismoaz gain, arrantza da ekonomiaren ardatz. % 41eko tasak dituzte biek.
Maurizio. Afrikako uhartea oso ezaguna da paradisu fiskal eta turistiko gisa, baina azukre-kanaberaren ekoizle ere bada. % 40koa da hari ezarritako arantzela.
Irak. Gerrak zigortutako petrolio-ekoizlea hau ere; % 39ko muga-zerga jarri dio AEBk.
Guyana. Hego Amerikako herrialde honek bere produktuen herena (batez ere arroza, barazkiak eta kokoa) esportatzen du AEBra, baina petrolio erreserbei esker ere ri da dirutza egiten. % 38ko tasa izango du.
Bangladesh, Serbia, Botswana, Liechtenstein eta Reunion. Oso bestelako herrialdeak dira baina denei % 37ko arantzelak ezarri dizkie.
Thailandia. Asiako herrialdea esportatzaile handia da (Barne Produktu Gordinaren % 60 dira): batez ere ibilgailuak, ordenagailuak, etxetresnak, arroza, ehunak eta kautxua saltzen ditu. % 36ko muga-zerga ezarri dio AEBk.
Bosnia-Herzegovina. Europako herrialdeak argindarra eta hainbat lehengai (egurra, altzairua eta burdina) esportatzen ditu Alemaniara eta gertuko herrialdeetara. % 35ekoa izango da bere produktuen gaineko tasa.
Taiwan, Indonesia, Fiji eta Angolari % 32eko muga-zerga ezarri die Trumpek.
Libia, Suitza eta Moldavia, denek % 31ko arantzela izango dute.
Hegoafrika, Aljeria, Mazedonia eta Nauru herrialdeek % 30eko tasa izango dute.
Pakistan eta Norfolk uharteak, % 29koa.
Tunisia. Afrikako herrialdeak oso ekonomia askotarikoa du, besteak beste, nekazaritza, meategiak eta petrolioa du aberastasun iturri. Arantzela % 28koa izango da.
Kazakhstan. Kazakhstango ekonomiaklotura komertzial handiak ditu Errusiarekin eta Txinarekin, eta batez ere, petrolioa, gas naturala eta ikatza ekoizten du. Munduko uranio ekoizle handiena da, gainera. % 27ko muga-zerga ezarri dio Trumpek.
India. Asiako herrialde handiak petrolioa, diamanteak eta gailu elektronikoak esportatzen ditu, eta % 26ko tasa pairatuko du.
Hego Korea Txinaren bazkide komertzial sendoa da, eta osagai elektronikoak eta goi mailako teknologiaren esportatzailea da. % 25eko arantzelarekin zigortu du AEBk.
Japoniari, Malaysiari eta Bruneiri % 24ko muga-zerga jarri die.
Vanuatu. Ozeaniako herrialde ezezagun honek nekazaritzan eta arrantzan oinarritzen du bere ekonomia ahula; % 22koa du tasa.
Namibiak eta Boli Kostak % 21eko zerga izango dute.
Europar Batasuneko herrialdeei eta Jordaniari % 20ko muga-zerga ezarri die Trumpek.
Nikaraguak eta Zimbabwek, % 18koa.
Israelek, AEBren bazkideetako batek, Malawik eta Filipinek ere % 17ko zerga izango dute.
Mozambikeri % 16koa ezarri dio; Venezuela eta Norvegiari, % 15ekoa; Nigeriari, % 14koa; Ekuatore Ginea eta Txad afrikarrei, % 13, eta Kongori eta Kameruni, % 11.
Gainerako herrialdeek % 10eko arantzel globala izango dute. Zerrenda luze horretan bada datu harrigarririk: Heard eta McDonald uharteak zergapetu ditu Trumpek, jardun ekonomikorik ez dagoen arren (han ez da gizakirik bizi).