Ekonomia -

LANGABEZIA

Martxoan 139 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn; 220 gutxiago izan dira Nafarroan

Guztira, 108.314 langabe daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 30.458, berriz, Nafarroan. Halaber, afiliatuen kopuruak gora egin du bietan.

Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean

Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziak behera egin du martxoan Hego Euskal Herrian, otsailarekin alderatuta, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak asteazken honetan zabaldutako datuen arabera. Halaber, lurralde guztietan langabe gutxiago zenbatu dituzte, Araban izan ezik.

Langabezia-tasa % 0,13 jaitsi da (139 langabe gutxiago) Euskal Autonomia Erkidegoan otsailarekin alderatuta, eta, guztira, 108.314 pertsona daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, berriz, 220 pertsona gutxiago zeuden izena emanda martxoan (% 0,72), eta, guztira, 30.458 dira lanik gabe daudenak, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera.

2024ko martxoko datuen aldean, 3.157 langabe gutxiago (% 2,83 gutxiago) daude EAEn; Nafarroan, iazko hilabete berean baino 385 langabe gutxiago (% 1,25) zenbatu dituzte.

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Bizkaian aurreko hilean baino 164 langabe gutxiago zenbatu dituzte (% 0,27). Iazko datuekin alderatuta, berriz, 1.832 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe (% 2,91 gutxiago). Guztira, 61.073 herritar daude langabezian lurralde horretan.

Gipuzkoan, 151 langabe gutxiago zenbatu dituzte otsailetik martxora (% 0,53 gutxiago) eta 1.209 gutxiago, (% 4,07) iazko martxotik aurtengo martxora. Guztira, 28.490 pertsona daude lanik gabe.

Araban, azken hilabetean bilakaera negatiboa izan du langabeziak (% 0,95), 176 pertsona gehiago baitaude langabezian. Aitzitik, behera egin du azken urtebetean: 116 langabe gutxiago, hau da, % 0,61 apaldu da. Guztira, 18.751 langabe zenbatu dituzte.

Ohi denez, langabetuen artean emakumeak gehiago dira gizonak baino. Martxoan, EAEn 62.521 dira emakume langabeak, 234 gutxiago, eta 45.793 gizonak, 95 gehiago. Nafarroan, berriz, 11.678 gizonak dira eta 18 .780 emakumeak.

Kontratazioari dagokionez, martxoan 57.499 kontratu sinatu dituzte EAEn, aurreko hilean baino 4.277 gehiago (% 8,04) eta aurreko urteko hilabete berean baino % 3,59 gehiago (1.995 kontratu gehiago). Kontratu guztietatik 13.734 (% 23,9) mugagabeak dira. Nafarroan, berriz, 22.708 kontratu berri sinatu dira, otsailean baino % 14,04 gehiago (2.796 kontratu) eta aurreko urteko martxoan baino % 9,59 gehiago (1.988 kontratu).

Espainiako Estatuan, % 0,51 egin du behera langabeziak, aurreko hilabetean baino 13.311 pertsona gutxiago baitaude lanik gabe. Halaber, azken urtebetean langabezia % 5,39 jaitsi da, iazko martxoan baino 146.865 langabe gutxiago baitaude Espainiako enplegu bulegoetan izena emanda. Guztira, 2.580.138 pertsona daude langabezian.

Afiliazio datuak

Afiliazioari dagokionez, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua milioi bat pertsonatik gorakoa da EAEn. Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera, 1.022.439 afiliatu daude EAEn. Otsailetik martxora, Gizarte Segurantzak 4.541 afiliatu irabazi ditu (% 0,45). Iazko martxoarekin alderatuta, 10.311 afiliatu gehiago (% 1,02).

Bestalde, Nafarroako Gizarte Segurantzak 1.665 afiliatu irabazi ditu (% 0,54), eta iazko hilabete berean baino 5.192 gehiago dira (% 1,70). Gauzak horrela, guztira, 311.006 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda Nafarroan

Espainiako Estatuan Gizarte Segurantzan 161.491 afiliatu gehiago zeuden martxoan Espainiako Estatuan, hau da, aurtengo bigarren hilabetean baino % 0,76 gehiago. Guztira, 21.357.646 afiliatu daude.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren arabera, martxoan langabeziaren joera "positiboa" dela berretsi da, batez ere urtearteko datuetan, mundu mailako ziurgabetasuna gorabehera eta aurreikusteko zaila den hilabetea izan arren. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren arabera, joera hori 45 urtetik gorakoetan antzeman da, batik bat.

Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, enplegua sortzen jarraitzen du. Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako eta Enpleguko kontseilariak azpimarratu duenez, joera positiboari eutsi dio Nafarroak: 5.192 afiliatu gehiago eta 385 langabe gutxiago, urtebetean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Nafarroako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Lana azken orduko albisteak Lanbide berriak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak