Ekonomia -
HEZKUNTZAKO GREBA DEIALDIA
Steilas, asteburuan ere negoziatzeko prest
"Pasaden asteko egoera errepika ez dadin" eta negoziazioek aurrera egin dezaten eskatu du sindikatuak.
EITB MEDIA
Steilas sindikatuak Hezkuntza sailburuaren adierazpenei erantzunez nabarmendu duenez, ez dute inolako jakinarazpenik jaso asteleheneko balizko bileraren inguruan. Haizea Arbide Azaren arabera, ez dute "ez deirik, ez mezurik, ez ezer" jaso. Sindikatuak azpimarratu du asteburuan ere negoziatzeko prest daudela, lan-baldintzak hobetzeko eta hezkuntzaren kalitatean eragin zuzena izango duten neurriak adosteko.
Steilasek gogorarazi du astelehen honetarako jada bilera tekniko bat aurreikusita zegoela, baina argi utzi du honek ez duela zerikusirik negoziazio prozesuarekin. "Guk, beste behin ere, adierazi nahi dugu gure prestasuna bilera hori egiteko, negoziazioetarako eta akordio batera heltzeko borondatea dugu", esan dute. Astearterako greba deitu dute, eta aurreko astelehenean gertatutakoa errepikatzeko arriskua ikusten dute sindikatuko ordezkariek.
"Pasa den asteko egoera errepika ez dadin" eta negoziazioek aurrera egin dezaten, Steilasek Hezkuntza Sailari argi utzi nahi izan dio asteburuan ere bilerak egiteko prest daudela. "Batez ere, behin eta berriz azpimarratzen dugu gure nahia: lan-baldintza horiek zuzentzea, hobetzea, eta horrek duen eragin zuzena hezkuntzaren kalitatean bermatzea".
Sindikatuak lan-baldintzen hobekuntza lehenetsi nahi du, hezkuntza-sistemaren kalitatean eragina izan dezan, eta horretarako negoziazio mahaiari heltzea ezinbestekoa dela uste du.