Ekonomia -
PLAZA ESKAINTZA
Zein baldintza eskaintzen ditu Osakidetzak betetzen zailak diren 143 plazak betetzeko?
Apiriletik aurrera, familia-medikuntzako, pediatriako eta psikiatriako lanpostuetarako izen-ematea irekiko da, eta pizgarriak emango dira, besteak beste, joan-etorrietako denbora lanaldi gisa zenbatzea, prestakuntza lehentasunez eskuratzea eta etorkizuneko prozesuetan aparteko puntuak ematea.
EITB MEDIA
Osakidetzak eta Medikuen Sindikatuak akordioa adostu dute 143 plaza eskaintzeko zailak diren postuak betetzeko. Apiriletik aurrera, familia-medikuntzako, pediatriako, psikiatriako eta haur-psikiatria anbulatorioko lanpostuetarako izena eman ahal izango da.
Gainera, pizgarri bereziak prestatu dituzte medikuak erakartzeko. Joan-etorriak lan egindako ordutzat hartuko dira, adibidez.
143 plaza izango dira Lehen Mailako Arretan betetzen zailak diren lanpostuetarako. Egonkortasuna lortzeko lehen urratsa da, Medikuen Sindikatuaren arabera.
Sailak plaza horiek eskainiko diren leku batzuk aurreratu ditu: Turtzioz, Errigoiti, Igorre, Ataun, Bergara, Oion eta Arabako Lautadan. Plaza horietako asko landa-eremukoak dira, baina Donostian ere bada plazarik bete gabe, arratsaldeko txandako batzuk tartean.
Espezialitateei dagokienez: 108 familia-medikuntzakoak, 18 pediatriakoak, 12 ospitalez kanpoko psikiatriakoak eta 5 haur-psikiatriakoak.
Pizgarriak hitzartu dituzte lanpostu horiek erakargarriagoak izan daitezen; adibidez, lanera joateko eta lanpostura itzultzeko inbertitzen den denbora lan egindako ordu gisa zenbatuko da. Era berean, lehentasunezko sarbidea izango dute prestakuntzara, eta puntu gehigarriak lortuko dituzte etorkizuneko prozesuetarako.
Izen-ematea apirilean irekiko da, meritu lehiaketa izango da eta udarako amaitu nahi dute.