Ekonomia -
AUTOMObilgintza
Automobilgintza-enpresentzako laguntza berriak iragarri ditu Jauregik
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak uste du "auto elektrikoaren aldeko apustuak" ez dituela aurreikusitako emaitzak eman, eta beste formula batzuk bilatzearen alde egin du, "0 isurien helburuari uko egin gabe". "Neutraltasun teknologikoa da bidea", esan du.
EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak abiatutako "merkataritza-gerra kaotikoak" mundu osoan eragin duen "ziurgabetasunaren" aurrean, EAEko enpresen "bidelagun" izan nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta bide horretan, laguntza berriak iragarriko ditu gaur arratsaldean automozioaren sektorearentzat
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak egin du iragarpena, Acicae automozioaren euskal klusterrak Zornotzan antolatu duen jardunaldian. Esan duenez, arratsaldean bilduko da Industriaren Defentsarako Taldea, eta bertan jakinaraziko dituzte laguntzak.
Kezka agertu du Jauregik, Trumpek AEBtik kanpo ekoitzitako ibilgailuei ezarriko dizkien muga-zergek izango duten inpaktuagatik, eta agindu du "ziurgabetasunaren aurrean ziurtasuna" eskainiko duela Jaurlaritzak.
'Automozioaren Sektorearen Desafioak' goiburupean antolatu du Acicaek jardunaldia. Sarrera hitzaldian, sailburuak sektoreak euskal ekonomian duen garrantzia eta pisua nabarmendu ditu, zenbait datu emanda: 300 enpresa inguru biltzen ditu klusterrak, 740 planta inguru dituzte mundu osoan, eta 140.000 pertsonak egiten dute lan horietan. 2023an, 25.000 milioi euro baino gehiago fakturatu zuen automozioaren sektoreak EAEn.
Sailburuaren hitzetan, "industriak gure herriari egiten dion ekarpenaren isla da automozioa: ongizatea, aurrerapena, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen ditu". Hori dela eta, "industria gehiago eta hobearen" alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
"Neutraltasun teknologikoa"
Automozio sektoreak parez pare dituen erronkak ere aipatu ditu, horien artean nagusia, "deskarbonizazioa". Zentzu horretan, uste du "ibilgailu elektrikoaren aldeko apustuak" ez dituela aurreikusitako emaitzak eman, eta beste formula batzuk bilatzearen alde egin du, "0 isurien helburuari uko egin gabe". "Neutraltasun teknologikoa da bidea", esan du.
Jauregiren arabera, hainbat faktore uztatu beharko dira erronkei aurre egiteko.