Ekonomia -
GREBA HEZKUNTZAN
Hezkuntzako sindikatuen arabera, grebak % 75eko jarraipena izan du, eta negoziatzea eskatu diote Jaurlaritzari
Hezkuntza Sailaren arabera, lanuztearen jarraipena % 45ekoa izan da. Elkarrizketarako prestasuna agertu du Eusko Jaurlaritzak, baina eztabaida "benetan garrantzitsua den" horretara bideratzea eskatu du. Oraingoz ez da aurreikusi Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko bilerarik.
EITB Media
Steilas, LAB, ELA, CCOO sindikatuek —EAEko unibertsitatez besteko Hezkuntza publikoko irakasleen % 90en ordezkaritza— irakasleak greba egitera deitu dituzte, aste honetan bigarrenez, eta balorazioa egiterakoan arrakastaz mintzatu dira. Hori dela eta, pauso bat aurrera emateko eta negoziatzeko dei bat egiteko eskatu diote Hezkuntza Sailari.
Asteko bigarren greba egunean, EAEko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle zeuden greba egitera deituta, eta gaur-gaurkoz ez dirudi akordioa gertu dagoenik. Izan ere, oraingoz ez da aurreikusi Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko bilerarik.
Sindikatu deitzaileen arabera, irakasleen % 75ek egin dute bat gaurko deitutako grebarekin. Atzo ere grebaren jarraipen datu bera eman zuten sindikatuek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, aldiz, jarraipena % 45ekoa izan da gaur.
Atzo Bilbon egin bezala, gaur EAEko hiru hiriburuetan egin dituzte manifestazioak eta 10.000 pertsona inguru elkartu dira, sindikatuek emandako datuen arabera.
"Indartsu" daudela eta irakasleen "babes zabala" dutela adierazi du Haizea Arbide Steilasen bozeramaileak Bilboko mobilizazioaren hasieran, eta negoziatzeko "aurrerapausoa" emateko eskatu dio Hezkuntza Sailari. Ohar bidez sindikatuak azaldu duenez, edukiak "zehazteko" eskatu zaionean negoziazioa "haustea" erabaki du Jaurlaritzak, eta gaineratu du jakin badakiela zer jarri behar duen mahai gainean gatazka bideratzeko.
ELAren ordezkari den Miren Zubizarretak Hezkuntza Saila kritikatu du, esan baitu grebek egiten diotela "kalte" hezkuntza sistemari. Ildo horretan, Sailari eskatu dio ahaleginak egin ditzala arazoaren muinari heltzeko.
Ezustekorik ezean, irakasleek hiru greba egun gehiago egingo dituzte martxoaren 27an eta apirilaren 1ean eta 2an.