Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hezkuntzako greba, Andoni Ortuzarren azken elkarrizketa eta AEB - Errusia bilera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko martxoaren 25ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hezkuntzako greba: Akordiorik gabe amaitu da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek goizaldera arte egin duten bilera. Horrenbestez, gaurko, biharko eta etzirako zein datorren asteko astearte eta asteazkenerako —martxoaren 25, 26 eta 27 eta apirilaren 1 eta 2— EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan deitutako bost greba egunek bere horretan jarraituko dute.
- Andoni Ortuzarren azken elkarrizketa: Andoni Ortuzarrek EAJren EBBko presidentzia utziko du datorren igandean eta Aitor Esteban alderdikideak hartuko du lekukoa. Horren aurretik, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegi zuzendariak elkarrizketatuko du, gaur gauean, "12 minutos" saioan.
- AEB - Errusia bilera: Errusiako eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariek 12 orduren ondoren amaitu zuten Ukrainako gerrari buruz Arabia Saudiko hiriburuan, Riaden, atzo egin zuten bilera. Antza denez, Mosku eta Washington ados jarri dira adierazpen bateratu bat egiteko, eta astearte honetan emango dituzte atzoko bileraren edukiaren xehetasunak.