Ekonomia -
GREBA HEZKUNTZAN
Irakasleen % 75ek egin dute greba, Hezkuntzako sindikatuen arabera; % 46k, Jaurlaritzaren esanetan
Sailari "benetako negoziazioa" eskatu diote sindikatuek, bart akordioa lortzeko bilera luzeak porrot egin ostean. Hezkuntza Sailak nabarmendu duenez, bestalde, "elkarrizketarako prestasuna bere horretan" du, baina eztabaida "benetan garrantzitsua den" horretara bideratzea eskatu du.
EITB Media
EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko irakasleen % 75ek egin dute bat Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek gaurko deitutako grebarekin, deitzaileek eurek emandako datuen arabera. Eusko Jaurlaritzak jarraipen datu apalagoa eman du, % 46koa, EAEko ikastetxeen % 88ren datuak bilduta.
Bi aldeek elkarri egotzi diote akordiorik lortu ez izana, eta biek ala biek berretsi dute negoziatzen jarraitzeko prest daudela.
Sindikatuen ordezkariek Bilbon egin dituzte adierazpenak, Hezkuntza Sailak Kale Nagusian duen ordezkaritzatik abiatu duten manifestazioan. Milaka irakasle batu dira martxara, "Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita" lelopean.
"Itxurakeriaz eta eszenifikazioaz harago, benetako negoziazioa" galdegin diote sindikatuek Jaurlaritzari. Adierazi dutenez, balizko akordioak "edukia eta zehaztasuna" behar ditu.
Horren harira, azpimarratu dute Hezkuntza Sailak "badakiela" zein eduki jarri behar dituen mahai gainean gatazka konpontzeko. Halakorik egin ezean, "kaleak betetzen" jarraituko dutela ohartarazi diote.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Maria Ubarretxena eledunak Hezkuntza Sailak grebaren harira prestatutako idatzia irakurri du gobernu bileraren osteko agerraldian. Nabarmendu duenez, Pedrosa buru duen Sailak "bere horretan du elkarrizketarako prestasuna", baina eztabaida "zentratzea" eskatu du, "ikasleen egunerokotasuna eraldatzen duten" baliabideak lehenetsiz.
Horren esanetan, adostasunerako "ahalegin serio eta etengabea" egin du Hezkuntza Sailak, eta sindikatuen "eskaera asko jasotzen dituen proposamen sendoa" egin die langileen ordezkariei, baita baliabide berriak txertatu ere.
Bi aldeak ordu txikitan eten dituzte hartu-emanak, bederatzi orduz negoziatzen egon ostean. Akordiorik ez dute lortu, baina. Hala, gaurko, biharko eta etziko zein datorren asteko astearte eta asteazkenerako —martxoaren 25, 26 eta 27 eta apirilaren 1 eta 2— deitutako lanuzteei eutsi diete sindikatuek.
Bilera luze bezain antzua
02:00ak arte, bederatzi ordu luzez, negoziatzen ibili dira bi aldeak, baina ez dute ados jartzerik lortu. Hezkuntza Sailak ohar bidez salatu du grebak "interes partikularrak defendatzen" dituela eta "hezkuntza-sistema publikoari kalte" egiten diola. Horren ustez, lanuzteak "ez du justifikaziorik, neurriz kanpokoa eta arduragabea da". "Frogatuta gelditu da greba horrek ez duela zerikusirik hezkuntza-sistemaren hobekuntzarekin. Interes ekonomiko neurrigabeak eta helburu politikoak uztartzen dira eta ez dute laguntzen ikasleen kalitatezko hezkuntza lortzen, ezta zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia lortzen ere", erantsi du.
Bestalde, sindikatuek salatu dutenez, Hezkuntza Saila berandu ibili da eta egindako proposamenak ez die euren aldarrikapenei erantzuten. Steilasen ustez, Sailak "badaki" zein eduki jarri behar dituen mahai gainean lan gatazka amaitzeko, eta, hala, "itxurakeriatan ibiltzea" egotzi dio. LABek ere Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du, greba bezperan eta "modu desegokian" aritu dela iritzita. Azken proposamenean, ELAk gabeziak ikusi ditu, adibidez, ratioen jaitsieran, soldatetan eta zama burokratikoari aurre egiteko neurrietan.
Bistakoa da oraindik ere elkarrengandik urrun daudela bi aldeen jarrerak. Hezkuntza Sailak akordiorako proposamenaren dokumentua kaleratu zuen atzo, bileraren aurretik. Negoziazioa goizaldean bukatu denez, sindikatuek ez dute puntuz puntu erantzuteko astirik izan.