Ekonomia -
ENPRESARIAK
Garamendik onartu du ez zaiola EAEko zerga-berrikuspenaren "errelatoa" gustatzen, edukia ezagutu ez arren
Halaber, enpresek dirua irabaztea ona dela nabarmendu du CEOE patronalaren presidenteak.
AGENTZIAK | EITB Media
Antonio Garamendi CEOE patronalaren presidenteak adierazi du ez zaiola gustatzen EAEn onartuko den zerga-berrikuspenaren inguruan egin den "errelatoa", nahiz eta onartu duen ez dituela ezagutzen EAJk eta PSE-EEk Podemosekin lortutako akordioaren xehetasunak.
Gasteizen antolatutako foro ekonomiko batean parte hartu du Garamendik eta, besteak beste, zerga politika hizpide izan du.
Imanol Pradales lehendakariak zerga-erreforma enpresentzat ona dela adierazi ondotik, zer iritzi duen galdetu diote CEOE patronalaren presidenteari.
Lehenik eta behin, adierazi du ez dituela akordioaren xehetasunak ezagutzen. Halaber, alderdi politikoren batek esandakoaren kontra, enpresek dirua irabaztea "oso ona" dela azpimarratu du. Horren esanetan, Mercedes, Michelin, Petronor eta Iberdrolak "diru asko" irabazten badute horrek langileei, ogasunari, inbertsioei eta akziodunei mesede egingo die.