Ekonomia -

Greba hezkuntza publikoan

Hezkuntza Sailak proposamena egin die sindikatuei, eta greba deialdiari eutsiko diote

Negoziazio mahaiaren bileraren ondoren, ELAk adierazi du testu berria "onargarria" izatetik "urrun" dagoela. LABen hitzetan, ez die erantzuten "kalitatezko hezkuntza publikoak dituen beharrei".

Bilbon urtarrilean egindako manifestazioa. Argazkia: EFE.
Bilbon urtarrilean egindako manifestazioa. Argazkia: EFE.

Bilbon urtarrilean egindako manifestazioa. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lan-hitzarmenak berritzeko proposamen bat helarazi die sektoreko sindikatuei, asteazken honetan izan duten negoziaziorako bileran. Hezkuntza Sailaren arabera, proposamenean irakasleen soldata igo, irakastorduak jaitsi, baliabide gehigarriak igo eta plantilla gaztetzeko planak sartu dituzte.

Horrez gainera, sindikatuei eskatu diete hurrengo asteetarako deituta dauden grebak bertan behera utzi ditzatela, baina ez dute horrelakorik onartu. ELAren esanetan, testu berria "urrun dago onargarria" izatetik. LABek, bere aldetik, "zehaztapenak falta" direla eta azaldu du ez diela erantzuten "kalitatezko hezkuntza publikoak dituen beharrei".

Eusko Jaurlaritzaren proposamen berria LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek egindako azken greba deialdien ondoren etorri da. Martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1ean eta 2an mobilizatzera deitu dituzte irakasleak eta sukaldeetako zein garbiketako langileak, urtarrila eta otsailean egindako grebei segida emanez.

Hedabideetara bidalitako ohar batean, Hezkuntza Sailak azaldu du proposamenak "modu argian erantzuten" diela sindikatuen eskaera nagusiei, baina onartzen du oraindik badaudela "gehiago zehaztu beharreko puntuak". Azaldu du negoziaketetan "aurrera jarraituko" dutela, eta jakinarazi bi aldeak "akordioa lortu arte beharrezkoak diren aldi guztietan elkartuko" direla.

Sindikatuek, ostera, borrokan jarraitzeko deia egin dute euren webgune eta sare sozialetan. ELAren aburuz, azken proposamenak aldaketa eta hobekuntzak ekarri ditu, baina ez dira nahikoak. "Erosahalmenaren % 20 galdu ondoren", Jaurlaritzak proposatu duen "% 3ko soldata igoera" motz gelditzen dela iritzi dio. Gainerako eskariei dagokienez, neurriak eta konpromisoa falta dela azaldu du.

Bere aldetik, LABek lan zama jaistean eta baliabideetan jarri nahi izan du azpimarra eta azaldu du "azken zirriborrotik ia ez" dela "aurrerapenik egon". Aniztasunari erantzuteko, euskalduntzea bermatzeko eta ikuspegi feminista txertatzeko baliabideak behar direla dio eta adierazi du horri buruz ez dela erantzun zehatzik eman.

Bi sindikatuek egindako borrokari egotzi diote Hezkuntza Sailaren azken proposamena eta borrokan jarraitzeko deia egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas