Ekonomia -

EAE

Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko lan-baldintzak "negoziatzeari uko egiten" jarraitzen duela salatu dute

ELAk, LABek, Steilasek eta ESK sindikatuek "patronalik autoritarioena" izatea leporatu diote Administrazioari.

Artxibok irudia. Argazkia: ELA sindikatua
Artxibok irudia. Argazkia: ELA sindikatua

Artxibok irudia. Argazkia: ELA sindikatua

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko lan-baldintzak "negoziatzeari uko egiten" jarraitzen duela. Sindikatu horiek elkarretaratzea egin dute astearte honetan Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen, Sektore Publikoko Mahai Orokorraren bilera hasi aurretik.

Mahaia osatzen duten ELAk eta LABek "jarrera autoritarioa aldatzeko eta langileek greba eta mobilizazioen bidez eskatu dituzten eskaerei erantzuteko" eskatu diote Jaurlaritzari.

Sektore publikoaren aldarrikapen nagusia da lan-baldintzak eta enplegua "EAEren esparruan erabaki ahal izatea".

ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote negoziazio-mahaiari heltzeko eta gai-zerrendan sartzeko: mahai sektorialetan soldata-igoerak adostea, erosteko ahalmena berreskuratzeko; aldi baterako langileak egonkortzea (behin-behinekotasuna % 8tik behera kokatu arte); eta plantillak gaztetzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea. Era berean, lan-osasuna bultzatzea, euskalduntzeko "plan erreal eta eraginkorrak" adostea eta berdintasun-politikak ere eskatzen dituzte.

Sindikatuek kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak eskaera horiek aintzat hartzeari "uko" egin diola, "Madrilek ezartzen dituen mugek horretarako aukerarik ez dutela argudiatuta".

Sindikatu horiek adierazi dutenez, "berriro ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritza Espainiako Estatuak ezartzen dituen politiken menpe dagoela".

Hala ere, deitoratu dutenez, "muga horiek ez dute Ertzaintzan soldata igoerak sinatzea eragotzi", eta horrek "Madrilek ezarritako mugak EAEn murrizketak ezartzeko aitzakia direla eta sektore publikoaren baldintzak hobetzea borondate politikoaren kontua dela" erakusten duela gaineratu dute.

Sindikatu horiek adierazi dutenez, Gobernuak onartu egin du aurretik gai-zerrendan sartutako bi gai jorratzea: errelebo-kontratua eta ordainsari osagarrien dekretua. Lehenengo puntuari dagokionez, Jaurlaritzak "kentzeko borondatea adierazi du".

ELAk, LABek, Steilasek eta ESK-k bere jarrera aldatzeko eta sektore publikoaren eskaerei erantzuteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Administrazio Publikoa da patronalik autoritarioena. Sektore pribatuak hitzarmen kolektiboak berritu dituen bitartean, 2013tik tasarik altuenera iritsiz, sektore publikoan lan-baldintzak ez dira duela hamarkada bat baino gehiagotik berritzen", kritikatu dute.

Iragarri dute mobilizazioekin jarraituko dutela, "kalitatezko zerbitzu publikoak lan-baldintzak hobetzearen eskutik doazela aldarrikatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak