Ekonomia -
ENPRESAK
Absentismoari aurreko egiteko plana iragarri du ADEGIk
"Paradigma berri" batetik heldu nahi dio gaiari Gipuzkoako patronalak, eta langileek enpresarekiko "konpromiso handiagoa" izatea bilatuko du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
NAGO. Izen hori du ADEGI Gipuzkoako Enpresen Elkarteak absentismoari aurre egiteko martxan jarri duen planak. Patronalak uste du enpresaren jardueran zerikusia duten alde guztien sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea dela gakoa erronka honetan.
Bere planaren berri emateko zabaldu duen oharrean, Gizarte Segurantzak absentismoari buruz emandako azken datuak mahaigaineratu ditu ADEGIk. Horiek diote Gipuzkoa dela "absentismo tasa handienetakoa" duen lurraldea, eta, oro har, adierazlea "goraka azkar" doala Euskal Autonomia Erkidego osoan. Baita, Estatu espainiarrean ere.
Agertokiak "enpresen lehiakortasunari" eta "herritarren ongizateari" zuzenean eragiten diola uste du patronalak, eta "gizarte arazo" gisa definitu du. Hala, "paradigma berri" batetik heldu nahi dio gaiari, eta langileek enpresarekiko "konpromiso handiagoa" izatea bilatuko du.
Lau fasetan banatuko da enpresekin partekatuko den NAGO plana. Besteak beste, epe luzerako ekintza planak zehaztuko dira, absentismoaren arrazoi ohikoenen diagnostikoak egingo dira eta kontzientziazio planak sustatuko dira. Halaber, enpresetako lantaldeetan komunikazio planak aktibatzea proposatuko da, gaia lantzeko.